Koronabirusa Azpeitian

Bono kanpainaren inguruko hausnarketa

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2020ko eka. 2a, 11:27

Pozgarria iruditu zitzaigun duela pare bat aste herriko merkataritzak osasun krisialdiaren ondorioz jasandako galerak arintzeko iragarritako bono kanpaina. Lehendik komertzio gune handiek zein plataforma digitalek gure bizitzetan duten eragina eta presentzia areagotu egin du COVID-19ak sortutako egoerak, herriko dendak itxita izanda mugikorrean klik baten truke lortutakoak indar itzela hartu duelarik gugan. Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak, konfinamenduaren eragina ematzeko bono kanpaina bat martxan jartzea adostu zuten eta maiatzaren 25ean 35 euro ordainduz 50 euroko balioa duten lehen bonoak jarri zituzten salgai, aurrez aurre Bertanen bulegoan zein Internet bidez.

1.500 bonoko sorta bi agortu ostean, herritarren artean horiek zentzuz ez direla banatu iruditzen zaigu. Norbanako orok bat, bi, hiru edo lau bono eskuratzeko eskubidea izateaz gain, presentzialki Bertaneko bulegora gerturatu ez diren hainbat eta hainbat herritarrek izan dute bonoak lortzeko aukera bidegabekoa, beraien familiarteko, lagun edo dena delakoei beraien NANa utziz. Gauzak horrela, jende ugarik igaro ditu hainbat ordu bono preziatuen zain ilaran, beraien aukera iristerako hauek agortuta ziren arren. Bestalde, lan ordutegiek eta beste zenbait zereginek herritar hainbati ilaran egoteko eskubidea murriztu diete, horren ordez Internet bidezko salmenta eraginkorra ez izatera iritsiz.

Bi tirada bono kaleratu direla kontuan hartuta, lehen saiakeran ikusi ziren arazoak hurrengo aldian errepikatuko ez zirenaren esperantza genuen, baina atzoko egunez gauzak moldatzeko aukerarik ez dela izan frogatu genuen. Ilaran jende andana mantendu beharreko distantzia kontuan hartu gabe, maskara askorik ez  eta osasun neurri oro errespetatzeko beta gutxi. Aukera polit bat galdu dugunaren sentsazioarekin amaitzen dugu idatzia, gure herriaren hazkundean funtsezkoa den sektore bati herritarrek eman nahi izan dioten bultzada emateko aurkitu dituzten oztopoak nabarmendu nahi baititugu, bonoen banaketa taxuzkorik ez baita egin gure aburuz. Gertatutakoa hurrengoetarako ikasgai gertatu delakoan, herriko merkataritzari babesa ematera animatzen zaituztegu.