Santo Tomas egunarekin iritsiko da argazki lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea 2022ko abe. 17a, 08:36
Postu batean hirugiharra frijitzen. (Juan Mari Ibarzabal)

Lehiaketara aurkeztu beharreko argazkiak Santo Tomas egunean bertan ateratakoak izan beharko dute. Orotara, bost irudi aurkeztu ahal izango dituzte parte hartzaileek, Azpeitiko Argazki Elkarteak jarritako gaiei lotutakoak.

Iristear dira Santo Tomas festak, eta horrekin batera helduko da Santo Tomas argazki lehiaketa. Hilaren 21ean, asteazkenean, Azpeitia bisitatzen duten argazkilari guztiek izango dute lehiaketan parte hartzeko aukera, baina horiek hainbat baldintza bete beharko dituzte.

Lehiaketara aurkeztu beharreko argazkiak Santo Tomas egunean bertan ateratakoak izan beharko dute. Orotara, bost irudi aurkeztu ahal izango dituzte, koloretan edo zuri-beltzean. Honako hauek dira Azpeitiko Argazki Elkarteak lehiaketarako jarri dituen gaiak: landareak –barazkiak, fruituak, loreak...–, herri kirolak, ttuntturroak, txistor postuak –orokorra, detailea, pintxoak...– eta baserritarren erretratua kalean.

Argazkilari bakoitzak modu digitalean, argazkiakaae@gmail.com helbide elektronikora bidalita, aurkeztu beharko du bost irudirekin osatutako argazki bilduma. 2023ko urtarrilaren 12a izango da horretarako azken eguna.

Epaimahaiak argazkien balio artistikoa eta teknikoa baloratuko ditu, eta saridunek hainbat opari jasoko dituzte –gazta, ardoa eta halakoak...–. Honako lotura honetan irakur daitezke lehiaketaren oinarriak.