Donostiako Antonio Valenciak irabazi du 2022ko Udazkeneko Argazki Rallya

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea 2022ko aza. 15a, 10:29
Skate parkean Antonio Valenciak ateratako irudia.

Azaroaren 6an egin zuen Azpeitiko Argazki Elkarteak Udazkeneko Argazki Rallya, eta gaur jakinarazi dituzte aurtengo sarituen izenak. Bigarren Igor Froilanek egin du, eta hirugarren, Ainara Garciak.

Joan zen azaroaren 6an egin zuen Azpeitiko Argazki Elkarteak Udazkeneko Argazki Rallya, eta epaimahaiak (Carlos Mediavilla, Carlos Romero eta Imanol Manterola) aurkeztutako argazkiak ikusi eta puntuatu ditu dagoeneko. 23 lagunek parte hartu zuten rallyan, eta askotariko argazkiak aurkeztu dituzte horiek.

Donostiako Antonio Valencia izan da aurtengo edizioaren garailea, eta hark 150 euro eta garaikurra eskuratuko ditu. Gainera, rallyko argazkirik onena ere harena izan da, Izarraizko Atea parkeko skate parkean ateratako argazki bat tarteko –irudian–. Bigarren, berriz, Igor Froilan (125 euro eta garaikurra) sailkatu da, eta hirugarren, Ainara Garcia (100 euro eta garaikurra). Herriko lehen sailkatua –saritu gabea– Iñigo Olarte izan da, eta hark 90 euro eta garaikurra jaso ditu.

Argazki bildumen proiekzioa eta sari banaketa larunbatean egingo dituzte, 18:30ean hasita, Dinamoa sormen gunean. Rallyko akta eta puntuazioa honako lotura honetan ikus daitezke.