23 lagunek parte hartu dute aurtengo Udazkeneko Argazki Rallyan

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea 2022ko aza. 7a, 15:49
Udazkenekon Argazki Rallyan hainbat lagunek parte hartu zuten atzo.

Atzo egin zuten rallya. Honako gai hauek landu behar izan zituzten parte hartzaileek: udazkena, garraio publikoa, janaria, skateparkea eta elizaren barrualdea. Irudiak azaroaren 10erako aurkeztu beharko dituzte partaideek, eta sari banaketa hilaren 19an egingo dute.

Atzo, igandea, Udazkeneko Argazki Rallya izan zen Azpeitian. Aurreko edizioetan bezala, herrian zehar egin zuten argazkilariek ibilbidea, eta bide batez, Azpeitiko hainbat leku hobeto ezagutzeko parada izan zuten horiek.  Orotara, 23 lagunek parte hartu zuten atzoko rallyan; zehazki, Donostiako, Hernaniko, Zumaiako, Zestoako, Idiazabalgo, Lazkaoko, Durangoko eta Azpeitiko argazkilariek. Honako gai hauek landu behar izan zituzten horiek: udazkena, garraio publikoa, janaria, skateparkea eta elizaren barrualdea.

Ohiko legez, rallya bukatzean parte hartzaile bakoitzak bere txartela deskargatu ahal izan zuen Argazki Elkartearen egoitzan. Orain, partaide bakoitzak bere argazkiak etxean lasai ikusteko aukera izango du, eta aukeratutako irudiak azaroaren 10a baino lehen bidali beharko ditu argazkiakaae@gmail.com helbidera. Mezuan partaidearen izena, artxiboaren izena eta gaiaren zenbakia zehaztu beharko dituzte, eta argazkiak horizontalak edo bertikalak diren adieraztea komenigarria litzatekeela azaldu dute elkarteko kideek.

Argazki rallyko sari banaketa ekitaldia eta argazkien bildumen emanaldia azaroaren 19an, zapatua, egingo dute, 18:30ean hasita, Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan, Dinamoa sormen gunean.