Apirilaren 3an izango da Udaberriko Argazki Rallya

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea 2022ko mar. 25a, 08:49

Izen-ematea rallyko egun berean egin beharko da, 09:00etatik 09:30ra bitartean, Azpeitiko Argazki Elkartearen Dinamoa sormen guneko egoitzan.

Udaberria hemen da, eta Azpeitiko Argazki Elkartea ere badator Udaberriko edo Urola Bailarako XLIII. Argazki Rallyarekin. Aurtengo rallya apirilaren 3an, igandez, izango da.

Izen-ematea, beti bezala, Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan egin beharko da –Soreasuko Dinamoa sormen gunean–, rallyko egun berean, 09:00etatik 09:30era bitartean. Izena ematerakoan hamar euro ordaindu beharko dituzte argazkilaritza zaleek. Kamera digitala eta memoria-txartel huts bat duen edonork parte har dezake rallyan.

Aurten ere Azpeitian bertan izango da rallyaren ibilbidea. 14:00etan bukatuko da egitasmoa, eta argazkilariek Dinamoko egoitzan deskargatu beharko dituzte txartelak. Gehienez, pertsona bakoitzak 36 argazki izan beharko ditu txartelean gordeta, kontroleko argazkia barne. Argazkiak ezabatu ahal izango dira, baina ezingo dira manipulatu, eta ordenagailuaren erabilera debekatuta dago. Puntuak banatzerakoan, irudien berezkotasuna, sormena eta teknika izango ditu kontuan rallyaren epaimahaiak.

Rallyaren hasieran antolatzaileek proposatuko dituzten gai bakoitzeko argazki bat aukeratu beharko dute partaideek, eta 2022ko apirilaren 6a baino lehen bidali beharko dituzte aukeratutako argazkiak, posta elektronikoz argazkiakaae@gmail.com helbidera, partaidearen zenbakia eta aukeratutako argazkien zenbakiak adieraziz.

Sari banaketa eta emanaldia, apirilaren 9an

Epaimahaiaren erabakia jakin ondoren, argazki guztiekin argazki emanaldia eskaini eta rallyaren sari banaketa egingo du Azpeitiko Argazki Elkarteak Dinamoan, apirilaren 9an, 18:30ean hasita.

Saritutako argazkiak antolatzaileen esku geldituko dira, eta egoki irudituz gero, horiek erabiltzeko eskubidea izango dute, egilearen izena aipatuz.

Udaberriko edo Urola Bailarako XLIII. Argazki Rallyaren oinarri guztiak Azpeitiko Argazki Elkartearen webgunean irakur daitezke.