Karnabalak 2022

Santi Eliasek irabazi du Sokamuturra 2022 argazki lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea 2022ko mar. 16a, 09:07
Epaimahaikideak, Sokamuturra 2022 argazki lehiaketara aurkeztutako lanak aztertzen. (Azpeitiko Argazki Elkartea)

Astelehenean elkartu zen epaimahaia, eta erabakita daude dagoeneko aurtengo Sokamuturra lehiaketaren lehen sailkatuak. Larunbat honetan, 13:00etan, izango da sari banaketa Betharrameko aretoan, eta horrekin batera irekiko dute urteroko erakusketa.

Astelehenean, martxoaren 14an, elkartu zen Juan Mari Amenabarrek, Borja Eizagirrek, Enekoitz Esnaolak eta Iñigo Kortak osatutako epaimahaia, eta inauterietan egindako Sokamuturra argazki lehiaketan parte hartu zuten 25 argazkilariek bidalitako 139 argazkiak ikusi eta baloratu ondoren, honako erabakia hartu zuen:

1. saria: Santi Elias, Orkatz argazkiarekin.

2. saria: Roman Azkue, Aldapan gora argazkiarekin.

3. saria: Angel Olabarria, Soka dantzan argazkiarekin.

4. saria: Alberto Beloki, Ordurarte lasai argazkiarekin.

5. saria: Igor Froilan, Ez nauk harrapauko argazkiarekin.

Inauterietako jai giroari buruzko argazki onenaren Iñaki Joaristi Altzarte saria, berriz, Alberto Belokiren Zeruan bezala argazkiarentzat izan da.

Erakusketa eta sari banaketa

Urtero bezala, argazki lehiaketara aurkeztutako argazkiekin erakusketa bat prestatzen ari da Azpeitiko Argazki Elkartea. Aurten, gainera, Betharrameko aretoan izango da berriro erakusketa.

Sari banaketa erakusketa areto horretan berean egingo da, larunbat honetan, martxoaren 19an, 13:00etan hasita.