Azaroaren 4an egingo dute Mendiko eta Udazkeneko argazki rallya

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea 2018ko urr. 16a, 12:44

Parte hartzaileek egunean bertan egin beharko dute izen-ematea, Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan, 09:00etatik 09:30era artean. 16 urtetik beherakoek izen-ematea doan izango dute, eta gainontzekoek 10 euro ordaindu beharko dute. Ibilbidea eta gaiak egunean bertan jakinaraziko dituzte antolatzaileek.

Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak mendi bazkunak Mendiko XXIII. eta Udazkeneko XXIX. argazki rallya antolatu dute beste urte batez elkarlanean. Aurten, azaroaren 4an, igandean, egingo dute agazki rallya, eta parte hartzaileek Lagun Onakek ezarritako ibilbidean eta argazki elkarteak ezarritako gaiak oinarri hartuta atera beharko dituzte argazkiak. Ohi bezala, antolatzaileek egunean bertan jakinaraziko dituzte ibilbidea eta gaiak.

Argazkilariek azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan (Perez Arregi plaza 1, 1. solairua) eman ahal izango dute izena, rallyaren egunean, 09:00etatik 09:30era bitartean. Helduek 10 euro ordaindu beharko dute, eta 16 urtetik beherakoek doan izango dute izen-ematea. Lehiaketa hasterako, memoria-txartela hutsik eduki beharko dute parte hartzaileek. 13:30ean amaituko da rallya, eta orduan, memoria-txartelak ordenagailuan hutsu beharko dituzte, elkartean. Behin txartelak hustuta, parte hartzaile bakoitzak argazkiak aukeratu beharko ditu, eta azaroaren 12ra bitartean bidali beharko ditu aukeratutako argazkiak argazkiaae@gmail.com helbidera. Bertan, partaidearen izena, artxiboaren izena eta gaiaren zenbakia zehaztu beharko ditu. 

Sari banaketa, berriz, azaroaren 24an egingo dute, 18:30ean, Lagun Onak mendi bazkunaren elkartean (Elizkale, 21). Nagusien mailan, lehenengo hiru postuetan geratzen direnek honako sari hauek jasoko dituzte: 180 euro eta garaikurra, 150 euro eta garaikurra eta 120 euro eta garaikurra, hurrenez hurren. Herriko lehen sailkatuak 90 euro eta garaikurra irabaziko ditu, eta argazki onenaren saridunari 60 euro eta garaikurra emango dizkiote. 16 urtetik beherako gaztetxoen mailan, berriz, irabazleak 30 euroko balea eta garaikurra eskuratuko ditu, eta sailkapenaren bigarren eta hirugarren postuetan geratzen direnek, berriz, 20 euroko balea eta garaikurra eta 15 euroko balea eta garaikurra irabaziko dituzte, hurrenez hurren.