'Sokamuturra Argazki Lehiaketa' liburua salgai jarriko dute asteburuan Sanjuandegin

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea 2018ko ots. 22a, 20:36
'Sokamuturra Argazki Lehiaketa' liburuaren azala. (AAE)

Azpeitiko Argazki Elkarteak Baigera II aurrean jarriko du postua, 12:00etatik 14:00etara bitartean. Liburuak herritarren artean izan duen harrera ona eskertu dute argazki elkartetik.

Sokamuturraren 500. urteurrenaren harira Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) egindako Sokamuturra Argazki Lehiaketa liburua eskuragarri izango zapatuan, otsailak 24, Sanjuandegin. Salmenta-postua Baigera II parean jarriko dute, eta bi orduz izango da salgai sokamuturrean hartutako irudiekin osatutako liburua, 12:00etatik 14:00etara bitartean.

Zapatuko hitzorduaren ostean libururik geldituko balitz, ale gutxi horiek salgai jarriko dituzte  XXXIX. Sokamuturra Argazki Lehiaketaren argazki erakusketan. Hurrengo zapatuan, martxoaren 3an, zabalduko dute erakusketa, Foruen Ibilbidean Udalak duen aretoan. Orduan egingo dute aurtengo edizioaren sari banaketa.

AAEk liburuak herritarren artean izan duen "harrera ona" eskertu du. Izan ere, urtarrila amaitzerako liburuaren ale gutxi batzuk gelditzen ziren salgai. Horren aurrean Udalak bigarren edizio bat egitea onartu zuen, baina horiek ere azkar saldu dira. Sanagustin kulturgunean egin zuten liburuaren aurkezpena, eta jende asko ugari bertaratu zen aurkezpenera.

Imanol Eliasek jarri zuen martxan Sokamuturra Argazki Lehiaketa, eta 25 urtez hura antolatzen aritu ostean, 2004an pasatu zion lekukoa argazki elkarteari. Eliasen omenez, 2012an izena aldatu zioten lehiaketari, eta orduz geroztik Sokamuturra Argazki Lehiaketa Imanol Elias Saria deitzen da. Karnabaletako sokamuturrean zuri-beltzean ateratako irudiak dira saritzen direnak.