Otsailaren 28an izango da VI. Gau-Txori Argazki Rallya

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea 2015ko ots. 13a, 14:39
Iazko argazki rallyko argazki irabazlea.

Izena Internet bidez eman ahal izango da otsailaren 26a baino lehen. Otsailaren 28an gauez izango da rallya. 

Gau-Txori Argazki Rallyaren seigarren edizioaren oinarriak plazaratu ditu Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE). Otsailaren 28an, zapatua, izango da gauez egin ohi den rallya. Izen-emate epea zabalik da dagoeneko.

Izena Internet bidez eman ahal izango da, otsailaren 26a baino lehen argazkiakaae@hotmail.com helbidera mezu bat idatzita. Memoria-txarteldun argazki kamera digitala duen edonork hartu dezake parte. Inskripzioa zazpi eurokoa da, edo 20 eurokoa, rallyaren barruan egingo duten afarian parte hartzea erabakitzen dutenentzat. Ordainketak rallyaren egunean bertan egingo dira AAEren egoitzan (Perez Arregi, 1-1.a, Telefonicaren eraikin zaharrean), 19:00etatik 20:00etara.

Memoria-txartel hutsarekin aterako dira rallyko parte-hartzaileak. Azpeitia izango da rallyaren eremua eta, horrelakoetan ohikoa denez, gaiak egunean bertan emango dituzte antolatzaileek. Rallya 02:00etan bukatuko da AAEren egoitzan. Han, parte-hartzaile guztien memoria-txartelen edukia ordeganailura pasatuko dute. Gero, parte-hartzaileek martxoaren 8a arteko epea izango dute, rallyko gai bakoitzeko argazki bat aukeratu eta, partaide zenbakia eta argazki zenbakia zehaztuta, AAEren e-posta helbidera bidaltzeko.

AAEk guztira 320 euro banatuko ditu sarietan. Rallyaren irabazleak 150 euro eta oroigarria jasoko ditu. Bigarrenak, berriz, 100 euro eta oroigarria. Hirugarrenak 70 euro eta oroigarria irabaziko ditu, eta oroigarria eskuratuko du laugarren sailkatuak.

VI. Gau-Txori Rallya Herriz Herri txapelketarako puntuagarria izango da.