Giro ederra mendiko eta udazkeneko argazki rallyan

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea 2014ko aza. 4a, 11:21

Herenegun, igandea, XXV. Udazkeneko Argazki Rallya eta XIX. Mendiko Rallya izan genuen.  Jendetzak hartu zuen parte rallyan; 50 helduk eta 16 haurrek. Probintzia eta herri desberdinetako parte hartzailea izan ziren bertan. Hala nola, Barakaldotik, Zumaiatik, Donostiatik, Soraluzetik, Bilbotik, Pasai San Pedrotik edo Zarauztik etorri ziren argazkilariak. Hauek izan ziren antolakuntzak rallyrako aukeratutako bost gaiak:

  • Udazkena.
  • Belardia.
  • Lerroa.
  • Iratzea.
  • Txabola.

Euriak aurtengo rallya ez zuen galdu nahi izan, baina horrek ez zituen parte-hartzaileen gogoak gutxitu. Gainera, eguerdi partean bertaratutako guztiek eskertu zuten Lagun Onak Mendi Bazkunak prestatutako hamaiketako ederra. Berriro indarrak hartzeko beharrezko geldiunea izan zen.

Rallyko ibilaldia argazki elkartearen egoitza aurretik hasi zen, eta Soreasuko Sebastian Donearen parrokia eta hillerri aldera jarraitu zuen. Handik aurrera jarraituko beharreko bidea seinaleekin zehaztuta zuten parte hartzaileek, eta ibilbidearen bukaera herri hasieran izan zen.

Rallya amaitu ondoren, parte hartzaile batzuk antolakuntzak jarritako bazkariaz gozatzen gelditu ziren. Bazkari ederraz gozatzeko aukeraz gain, rallyko hainbat pasadizo kontatuz giro ederrean egoteko aukera aparta izan zuten otorduan gelditu zirenek.

Parte-hartzaile guztiei gogoratu nahi zaie aukeratutako argazkiak azaroak 9a baino lehen posta elektronikoz argazkiakaae@hotmail.com helbidera bidali behar dituztela. Parte-hartzaile bakoitzak, bere izen eta zenbakiarekin batera, argazki bakoitzari dagokion gai zenbakia ere jar dezan eskatzen dugu. Horrez gain, komenigarria litzateke argazkiak horizontalean edo bertikalean ateratakoak diren adieraztea.

Irabazleen izenak jakin ondoren, azaroaren 29an egingo da rallyko argazki guztien emanaldia eta sari banaketa, Lagun Onak Mendi Bazkunaren proiekzio gelan.