Koronabirusa Azpeitian

Pasa dira bi aste...

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitia Herri Hezitzailea 2020ko mai. 12a, 17:18

Azpeitiko Herri Hezitzaileak bat egiten du Oinherri herri hezitzailen sarea koordinatzeko elkarteak plazaratu duen honako hausnarketa honekin.

Pasatu dira bi aste haurrak kalera ateratzea ahalbidetu zenetik. Pasatu dira bi aste natura usaindu eta gozatzeko aukera izan zutenetik. Pasa dira bi aste, lehen aldiz modu orokor eta zabalean gurasoek haurrei putzuetan salto egiten utzi zietenetik. Pasa dira bi aste kaleratzea ospatu eta hainbat aldarrikapen egiteko Oinherritik deialdia egin genuenetik.

Pasa dira bi aste, bai...

Pasa dira bi aste eta administrazio organo gorenek onartu behar izan dute, haurrek kalera ateratzeko aukera izan badute, ez dela kutsatze kasuen igoera nabarmenik eman. Beraz, hain arriskutsuak al ziren haurrak? Edo haurrekiko sortuta zegoen alarma ez zegoen justifikaturik?

Pasa dira bi aste eta oraindik nerabe asko ez da kalera atera.

Pasa dira bi aste, eta haien antsietate maila geroz eta handiagoa da (lautik bat, Save the Children erakundearen arabera). Pasa dira bi aste gehiago eta pantaila aurrean ematen ari diren ordu kopurua izugarri handitu da. Honek dakarrenarekin: haserretze maila handitzea, motibazio falta areagotzea, antsietatea, depresioa…

Pasa dira bi aste eta haurrek pairatu duten egoera kontutan hartu beharra dago, ezin baitugu deus gertatu ez balitz bezala bueltatu. Pasa dira bi aste eta tabernetako terrazak zabalduko eta helduak lantokietara itzuliko diren arren, haur eta nerabeen eskubideek ez dute aurrera pausu esanguratsurik izan. Pasa dira bi aste eta arnas pixka bat hartu dugun arren ez dugu ikasi haurrak jendarte honetako subjektu aktibo direla. Bi aste pasata ahaztu zaizkigu berriz ere.

Pasa dira bi aste eta itzuleraz pentsatzen hasiak gaude: eskolaratzea nola egin, hirigintza mailako hausnarketa sakona egin beharra, haurtzaroari hitza emateko tresnak martxan jarri behar... Batzuk "normaltasun berria" bezala planteatu nahi diguten horretan, Oinherritik uste dugu gauza asko birpentsatzeko abagune ederra izan daitekeela une hau. Hala nola; nolako eskolara itzuli nahi dugun eta nola egin itzulera hori, hirigintza mailako hausnarketa sakonak, zaintza hezitzailea erdigunean nola kokatu, naturarekiko harreman jasangarriago bat nola eraiki, jasaten ari garen hizkuntza eskubideen urraketak nola irauli... eta guzti hau komunitate bezala berramestu beharrean gaudela sinetsita gaude. Herritar guztioi, haur eta gazteak barne, erabakigunetan parte hartzeko aukera eskainiz.

Pasa dira bi aste eta guk ez dugu gure etorkizuna "normaltasun berri" bat izaterik nahi. Guk etorkizuna berramesteko eta erabakitzeko protagonista izan nahi dugu.

Pasa dira bi aste... baina hau ez da bi astetako lana izango, honek lan handia eskatuko du hurrengo aste, hilabete eta baita urteetan ere. Horregatik, lanean jarraitzeko unea da.