Azoka Herritik egitasmoak amaitutzat eman du bere ibilbidea

Erabiltzailearen aurpegia da hau Azoka Herritik | Azoka herritik
2018ko eka. 28a, 10:02

2013. urtean herriko hainbat eragilek Udalarekin batera egindako gogoetak bide eman zion Azoka Herritik egitasmoari. Ordura arte irailean izan ohi zen Erdi Aroko azoka berrikusi eta herritarren beharrei herritarren antolaketatik erantzungo zion espazio berri bat sortu zen, Azpeitiko talde, sektore ekonomiko eta herritar askoren elkarlanetik.

Herriko sormenari bide ematea, Alde Zaharra biziberritzea, inguruko ekoizleak herritarrengana hurbiltzea, bertakoa kontsumitzearen alde egitea, taldeek eta pertsonek elkar ezagutzea, inguruarekin orekan biziko den herri bat egitea. Horiek izan ziren Azoka Herritiki jarri genizkion helburuak.

Kooperaziotik, aniztasunetik, euskaratik, parekidetasunetik eta elkartasunetik aldatu nahi genuen Azpeitia, eta oraindik egiteko asko dugula jakin arren, egindakoaren emaitzarekin gustura gaudela lasai esan dezakegu.

Iraileko asteburuko azoka nagusia baino gehiago izan da Azoka Herritik. Hainbat egitasmo iraunkortu dira asteburu horretatik abiatuta, eta herriko talde askoren arteko elkarlana indartu du. Asko izan dira bost urteotan azokaren bueltan garatu diren egitasmoak; batzuk unean unekoak, besteak proiektu iraunkor bezala garatu direnak.

Gustura gaude emaitzarekin, baina hobetzekoak ere egon badaudela uste dugu, eta zintzotasunez aipatu nahiko genituzke sortu zaizkigun hutsuneak eta izandako arazoak:

- Azken edizioetan euria egin izanak etsipen punttu bat ekarri du.
- Auzolana izan da hasieratik azokaren lan egiteko modua. Baina azken urteotan auzolanak behera egin duela sentitu dugu.
- Pertsona berdinen eskuetan lan bolumen handia gelditu da, eta ez dugu asmatu jende berria antolaketa lanetara erakartzen.

Bost urte luze igaro dira abian jarri ginenetik. Azoka bera ez da inoiz helburua izan, bestelako helburuak lortzeko lan egiteko espazioa izan da. Horrela, proiektu, dinamika eta bide berriak urratzen ari gara herrian, eta logikoa ikusten dugu espazio batzuk atzean utzi eta berriak osatzen joatea.

Azoka Herritikek eman du berea. Hemen bukatzen da gure bidea; baina, ziur gaude herrigintzari loturiko bidexka berrietan elkartuko garela.

Eskerrak eman nahi dizkiegu egitasmo honetan bere aletxoa jarri duten guzti-guztiei, eta bereziki bide hau posible egin dute herritarrei.

(Uztarria.eus-en lotura honetan jasota dago Azoka Herritik egitasmoak sorreratik eman duena: http://uztarria.eus/azoka-herritik)

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu