Batzar irekia deitu du Azoka Herritikek hilaren 24rako

Erabiltzailearen aurpegia Azoka Herritik 2017ko mai. 18a, 14:57

19:00etan egingo du bilkura, Sindikatu Zaharrean.  Helburua da egitasmoaren etorkizunaz hausnartzea, eta bertan parte hartu izan duten talde eta norbanako oro gonbidatu ditu talde eragileak.

Esku bete urte dira jada herriko hainbat eragile, talde nahiz norbanako Azoka Herritik egitasmoa antolatzen hasi ginenetik. 2013az geroztik, ekintza ugari antolatu dira herriko hainbat txokotan, eta horren adibide dira azken lau urtetan jarraian irailean antolatu den azoka, Sanjuandegiko azoka, eragileen gida, Ingurumena Herritik...

Egitasmoak bertako ekoizpena eta sorkuntzari bide ematea izan ditu helburu bere sorreratik. Euskaraz, ingurunearekin orekan eta aniztasunean, herritar oro duintasunez biziko den herri bat aldarrikatu nahi izan ditu.

Dena den, Azoka Herritiken bereizgarri nagusia hau herritik eta herriarentzat antolatzen dela da. Izan ere, hainbat eremutan diharduten eragile, talde nahiz norbanakoren topagune izan nahi du azokak. Elkarlana oinarri hartuta, herritarrek sortu eta gozatuko duten eskaintza sortu nahi da.

Hori dela eta, bosgarren edizioaren atarian gauden honetan, herriko eragile, talde nahiz norbanakoei dei egin nahi zaie Azoka Herritikek izango duen etorkizunaz hausnartzera. Honetarako, datorren asteazkenean, maiatzak 24, batzar irekia egingo da, 19:00etan, Sindikatu Zaharreko lehenengo solairuan.

Amaitzeko, talde eragilearekin harremanetan jarri nahi duen orok azoka.herritik@gmail.com helbide elektronikora idatziz egin dezake.

Besterik gabe, batzar irekian ikusiko dugu elkar!