Azoka Herritik

Azoka Herritiken balorazio positiboa egin eta lanean jarraituko dutela azaldu dute antolatzaileek

Erabiltzailearen aurpegia Azoka Herritik 2015ko ira. 30a, 18:53

Gaur astebete amaitu zen aurtengo Azoka Herritik, Saratxagaren hitzaldiarekin. Bada, azokaren hirugarren edizioan parte hartu dutenei eskerrak eman, lortutako emaitzak azpimarratu eta aurrera begira ere lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu dute antolatzaileek. BAGOAZ lema erabili dute bideak aurrera jarraitzen duela adierazteko. Eta hori irudikatzeko, BAGOAZ hitzaren letra koloretsu eta erraldoiak jarri dituzte Azpeitiko Ikasberri Ikastolaren aurreko biribilgunean.

Azoka Herritik egitasmoko antolatzaileen prentsa oharra:

Azoka Herritik antolatzen dugun talde eragiletik eskerrak eman nahi dizkiegu azoka hau posible egin duzuen elkarte, eragile eta norbanako guztiei. Eskerrak baita ere, azokaz gozatu eta bertan parte hartu duzuen guztioi. Herritik eta herriarentzat egiten dugun ekimen honek emaitza ederrak utzi dizkigu hirugarren edizio honetan ere: jende asko kalean, tailer eta dinamiketan parte-hartze zabala eta anitza, salmenta onak...

Baina antolakuntzatik, emaitzari garrantzia kendu gabe, antolaketa prozesua bera balioan jartzea nahiago izaten dugu. Lan egiteko modu berriak sustatzea da gure helburua, elkarlanean eta guztion parte-hartzean oinarritutako antolatze moduan sinisten jarraitzen dugulako. Urtez urte aberasten joatea nahiko genuke, eta horretarako guztion ekarpenak ezinbestekoak direla uste dugu. Denok, Azoka Herritik ekimenaren parte sentitzea, bera berramesten jarraitzeko beharrezkoa delako.

BAGATOZ hitzarekin aurkeztu genuen aurtengo azoka, hiru urteko dinamikak oinarri batzuk jarri dituela jakitun garelako. Alabaina, BAGOAZ batekin agurtuko gara, aurrera goazelako. Dinamika honen filosofiak, geroz eta elkarte, eragile nahiz herritar gehiago zipriztindu nahi dituelako. Denon artean bidea egiten jarraitu nahi dugulako, elkarrekin harremantzeko eta lan egiteko bestelako eredu eta modu berriak esperimentatuz.