'Ocho apellidos vascos'

Erabiltzailearen aurpegia Ane Soraluze 2014ko api. 25a, 12:23

Rafak (Dani Rovira), Andaluziako 'señorito' bat, ez du inoiz bere Sevilla maitetik irten beharrik izan bizitza honetan behar duen guztia lortzeko: fino-a, emakumeak eta gomina. Amaia (Clara Lago) ezagutzean, ordea, dena aldatzen da. 

Bere xarmetara errenditu ez den lehenengo neska, hain zuzen. Eta euskalduna. Bat bateko amodioak itsututa bere atzetik joatea erabakitzen du, "a las vascongadas", bere lagunen hitzetan. Bertan euskalduntzat pasarazten du bere burua Amaiaren atentzioa deitzeko, horrela maiteminduko duen esperoan.
 
Denbora aurrera doan bezala gero eta zailagoa izango da Rafarentzat bere benetako identitatea sekretuan mantentzea, batez ere Amaiaren aita (Karra Elejalde) ezagutzen duenetik aurrera. Neskaren aitak Rafa benetako euskalduna dela ziurtatu nahi du, besteak beste, bere zortzi abizen euskaldunengatik galdetuz.
 
Film espainiar batek azken urteetan izan duen estreinurik arrakastatsuena izan da Ocho apellidos vascos-ena. Gure inguruko zinemetan ere hainbat eta hainbat izan dira sarrera guztiak agortu dituzten erakustaldiak.
 
Edozeinek esango luke protagonistetako batentzat lehen pelikula dela... baina hala da. Dani Rovira komediante malagarraren zinemarako lehen lana izan da hau. Telebista saioetan eta monologoetan hainbat aldiz lortu duen bezala, film honetan ere barre algara ugari eragingo ditu adin eta jatorri desberdineko ikusleengan.
 
Izan ere, euskaldunoi eta andaluziarrei buruzko estereotipo ugari ukitzen dituen filma da hau, nola ez, umorea erabiliz horien’kontura barre egiteko. Haien 'txispa' edo gure 'txispa' falta, edota beraien gomina eta gure orrazkerak, besteak beste.
 
Euskaldunoi buruzko txiste horiekk ez dira kasualitatea; izan ere, gidoia bi gipuzkoarren lana izan da, Borja Kobeagarena eta Diego San Joserena, hain zuzen. Aktore lanetan ere hainbat eta hainbat aurpegi ezagun ikusiko ditugu. Eta zer esanik ez paisaiei buruz, Getaria eta Leitza artean besteak beste, izan baitzen grabaketa.
 
Barre algara ugari sortu eta sortuko dituen pelikula da Ocho apellidos vascos, Euskal Herritik Sevillaraino.
 
Fitxa:
 
Zuzendaria: Emilio Martinez Lazaro.
Aktoreak: Clara Lago, Dani Rovira, Carmen Machi, Karra Elejalde.
Urtea: 2014.