Orein begibakarra

Erabiltzailearen aurpegia Anartz Izagirre 2020ko urr. 27a, 08:06

Anartz Izagirrek 2020ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik ez dagoela esan ohi da, eta bizitzen ari garen egoerak ere halaxe erakutsi digu. Gazteak eta tabernak, iluntzea eta besarkadak. Osasun eta segurtasun neurriak entzunda badirudi birusak jai hartzen duela eguzkia ateratzen den unean bertan; ez duela herritarrak kutsatzeko intentziorik lantegietako barrunbeetan, eta kubata eskuan duten gazteak kutsakorragoak direla bastoiarekin dabiltzan zaharrak baino.

Orein begibakarraren alegiazko ipuina etortzen zait gogora hainbat agintariren adierazpenak zein telebistako tertuliakide orojakileen esanak entzuten ditudanean. Ipuinak dioenez, orein begibakar bat itsasertzetik zebilela lurrean gertatzen ari zenari so zegoen bere begiarekin, itsasoan gertatzen ari zenari jaramonik egin gabe. Oreinak uste zuen itsasoan ez zegoela arriskurik, baina ehiztariak lurrean beharrean itsasoan zeuden, eta geziekin eraso egin zioten oreinari. Zaurituta, honakoa esan zuen oreinak: "Gaixoa ni. Lurra zelatatzen nengoen, arriskuz beterik zegoela uste bainuen, eta aterpea zela uste nuen itsasoa zorigaiztokoagoa izan da".

Errazegia da hatz erakuslearekin erruduna zein den seinalatzea, baita sektore konkretu bateko jendea kriminalizatzea ere; zeharo abilak gara horretan, gainera. Denon osasunaren eta segurtasunaren izenean gauza asko eskatzen eta esaten diren garai honetan, ordea, gaitzaren foku edo agerraldi deitzen dioten guneetatik haratago ere behatu beharko genuke, etorri denari eta etor daitekeenari beldurrik galdu gabe, baina une oro gertatzen ari denaren errudunak topatzen tematu gabe.

Errare humanum est, huts egiteak gizatasuna adierazten du, eta hori ez genuke sekula ahaztu behar. Ezin uka, baina, gure hutsegiteek besteen bizitza arriskuan jar dezaketela, eta besteenganako enpatia eta ardura apur bat izateak ere adierazten duela gizatasuna. Esan gabe doa, ordea, geziak edozein lekutatik irits daitezkeela, edozein unetan, eta hurkoa salatzen ibiltzeak baino mesede gehiago egingo liguke besteei gure babesa adierazteak. Ipuinak ez du kontatzen orein begibakarrak erasoaren ostean bizirik iraun zuen ala ez, baina biziko balitz ziur nago ez lukeela harri berarekin berriro tupust egingo.