Telezaborraren gezurrak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Anartz Izagirre | Iritzia
2016ko aza. 3a, 13:18

Telezaborra hitza entzuteaz batera denok eramaten ditugu eskuak burura. Nola, zergatik. Ez zaigu buruan sartzen nola demontre egon daitezkeen halako balore higuingarriak, deitoragarriak helarazten dizkiguten telebista saioak. Baina, aizue, itxura denez, inork ez ditu ikusten.

 Edozeini bere ikus-entzunezko kontsumoari buruz galdetuz gero nekez entzungo diogu Anaia handia zalea dela, ez digu inork inoiz kontatuko berak ere afalostean pijama jantzi eta bikotea aurkitzeko hitzorduak antolatzen dituen saioa izaten duela aurrez aurre. Aldiz, dokumentalek-eta sekulako arrakasta izan ohi dute itxura guztien arabera, eta zer esanik ez programa kulturalek, literatur-saioek etab.

Baina a ze kasualitatea, lagunarteko kafe-tertulietan sekula ez da ateratzen Ozeano Bareko ur sakonean bizi diren espezieen inguruko elkarrizketarik. Ez da arraroa, ordea, arratsalde partean ematen duten magazine arrosako kolaboratzaileen izen-abizen eta txutxumutxu guztien berri duen jendea topa-tzea. Audientzia datuek diote Euskal Autonomia Erkidegoa dela estatu mailan telezabor deitzen ditugun saioak gehien ikusten dituen erkidegoetako bat. Hala bada, zergatik uka-tzen ote dugu ikusten duguna?

Telezaborra kontsumitzearen zioak hainbat izan litezke. Egia da eskura dugun telebista eskaintza ez dela oso anitza, ados. Kate gehienek reality show, date show, docu reality edo antzeko formatuak lehenesten dituztela edozeren aurretik, egia. Baina ez dezagun gure burua engainatu, audimetroek ez dute gezurrik esaten. Entretenimendua askotan (ez beti, noski) telezaborrean aurkitzen dugu euskaldunok, eta kostatu egiten zaigu hori onartzea.

Zergatik gustatzen zaigu? 

Ikusten duguna zergatik ikusten dugun baino gehiago interesatzen zait, ordea, jakitea ikusten dugun telezaborrak zergatik entreteni-tzen gaituen. Ezagutzen ez dugun pertsona sasi-famatu baten amodio istorioarekin orduak egon gaitezke telebista aurrean. Zirku mediatikora ohitu gaituzte, bete-betean asmatu dute horretan. Zabor deitzen diegu saio horiei baina berauek ikusteaz batera zabortegi amaigabe hori elikatzen besterik ez gara ari. Norbaitek esango du etxean audimetrorik izan ezean, audientzia datuetan ez dela ain-tzat hartzen datuetan ikusten ari garena, eta beraz, gure kontsumoak ez duela eragin zuzenik datuetan. Hori hala da, baina gure egunerokotasuneko hainbat arlotan ere eragina du ikusi eta entzuten dugunak. Jokamoldeetan ere antzeman daiteke gure kontsumoa. Batzuetan, telebista eta errealitatea ez daude guk uste bezain urrun.

Kontsumitzen duguna gara. Nekez lortuko dugu kate-pribatuen eskaintzan muturra sartzea. Hala ere, eduki hori hein handi batean guk kontsumitzen dugunak baldintzatzen du. Eskaintzak eskaria alda dezakeen moduan, eskariak ere alda lezake eskaintza. Beharbada ez legoke horrelako saiorik geuk oharkabean bada ere estaldurarik emango ez bagenio. Eta orduan, agian, ez dugu gure kontsumoari buruz gezurrak esaten ibiltzeko beharrik sentituko.

(Urriko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia).

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu