Egunero hasten delako

Erabiltzailearen aurpegia Amaia San Vicente 2015ko urr. 29a, 09:38

Nagiak ateraz sukaldera joan eta Ainhoak irratia piztu du. Bi laranja hartu ditu hozkailutik eta zukua egin bitartean, Maite Artolaren hitz etenak aditu ditu, urrunean. Hungariatik dator notizia. Bukatzear diren txarrantxa hesiaren zulotik datorkie argi izpia protagonistei. Siriatik ihesean zetorren gizonari estropezu eragin zion kazetaria kaleratu omen dute. "Eskerrak", lasaitua hartu du neskak. 

Txirrina joz, atarian, Seurreko langilea azaldu zaio pakete bat eskutan. Tabletean 'klik' eginez joandako 200 euroek trukean dakarte udazken-neguko arropa. Ireki eta erositakoak jantzi ditu. Ziur da gaur begirada mordoa jasoko duenaz. Nikiak aldakan harramazka egin dio halako batean. Guraizeekin ertzetik moztu ditu etiketa denak. Zeharka ikusi du Made in India dioen esaldia. Bangladeshen erretako fabrika hura gogoan izan du une batez (The true Cost, Youtuben ikusgai). Berandutzen ari zaio. Etxeko atea giltzaz itxi du.  

Bankura bidali dute ofizinan. Han, zain, nora begiratu ez dakiela, paretan jarri du arreta: 'Egin donazioa, zure laguntza behar dute' dio afixak; Kolonbiako familiak, Mozanbikeko umeak; irribarrez batzuk, negar malkotan besteak. 'Ikusezinak banku honek berak desjabetutakoen aurpegiak', otu zaio.

Lanetik bueltan Maxi-n geratu da. 'Hirugarren sorta debalde' amarruaz karroa bete du, beharrezko gauzekin, eta badaezpadakoekin. Ordaintzeko, ilaran jarri eta berriz ere sos-deia: 'Eurek behar zaituzte', dio kutxazaineko oharrak. Errukitu eta borondatea eman du. Diruaren joan-etorriaren gurpil zoroan txanpuak eta pertsonak parekatuko bailiran. 
 
Argia itzali aurretik mesanotxeko aldizkariari begiratua eman dio gazteak: familien gastua suspertzen ari dela dio titularrak, etxeen prezioa goraka doala eta teilaturik gabekoak beheraka. Krisitik ateratzen ari garela sinestu nahirik loak hartu du, Ikeako edredoi goxoan kiribilduta.

(Urriko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da hau)