Soka luzean

Haize bidezko polinizazioa

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Alberdi 2023ko api. 17a, 09:00
(Argazkia: Pixabay)

Amaia Alberdik 2023ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Lehertzear da eztanda horia. Polen zakuak bete-beteta daude, hego haizea noiz etorriko zain. Behin haize ufada hori iristean, hauts horixka batek estaliko du dena –autoa, bide ertza, arropak...–.

Landareak mugitu ezin direnez, polizinazioa –polenaren sakabanaketa– baliatzen dute ugaltzeko. Polen alea zelula ugalkor arra da, eta loreetako obulua, zelula ugalkor emea, ernaltzea da bere funtzioa. Ondoren, elkarketa horren emaitza da hazia.

Polinizazioa gauzatzeko bitartekariak baliatzen dituzte landareek. Polenaren transferentzia egiteko estrategia ezberdinak badaude ere, horietako bat haizearen bidezkoa da: anemofilia. Haizearekin erraz zabaltzeko eta ernalketa ziurtatzeko, landareek pisu gutxiko polen asko ekoizten dute. Hala ere, anemofilia zaharra da eta ez oso efizientea. Harrigarria da: mila polen aletik bakarra iritsiko da dagokion lorera, eta gainontzekoak alferrik galduko dira.

Martxoan hasi eta ekaina bitartean irauten du polinizazio garaiak. Landare talde batek polena zabaltzeko behar duen denbora, ordea, ez da horrenbestekoa. Anemofiliarako une zehatzak dituzte landare taldeek, baina polen ale ezberdinak beren artean nahas ez daitezen, ez dira gainjartzen. Hori dela eta, guztira, lau hilabeteko luzapena du eztanda horiak.

Irakurle batek baino gehiagok ez du gustuko izango guztia horitzen deneko garaia, tamalez, polenarekiko alergiak agertzen direneko unea ere badelako. Gizakion sistema immunologiakoak elementu arrotz bat hautematen duenean, eta horrekiko oso sentikorra denean, zenbait erreakzio abiatzen ditu; erreakzio multzo horri deritzo alergia.

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %12k dio alergia polenari, eta urtetik urtera kopuru hori gero eta handiagoa da. Azken ikerketa batzuen arabera, ingurumeneko kutsadurak badu horretan zerikusia. Ingurumeneko kutsadurari aurre egiteko, estres proteina ekoitzi dute landareek; substantzia hori polenean islatzen da gero, eta polenak sorrarazten duen erantzun alergikoa gogorragoa da. Zaindu dezagun, beraz, zaindu gaitezen.