Soka luzean

Hosto ez iraunkorrak

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Alberdi 2022ko abe. 5a, 12:06
Astigar hosto lehorra, zuhaitzak botata. (Pixabay)

Amaia Alberdik 2022ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Uda amaigabea nahi lukete askok. Eguzkia beroa eta eguna luzea. Urtearen aro bakoitzak du, ordea, bere xarma. Urtaro bat aukeratu behar banu, aldaketaz beterikoen, udaberriaren eta udazkenaren, artean egingo nuke zalantza.

Negurako prestaketa da udazkena, eta horren bereizgarria den zerbait da zuhaitzen hostoen erorketa. Beno, hostoen erorketa baino, hobe esanda, hostoen botatzea. Bai, bai, hostoen botatzea. Hosto ez-iraunkorreko zuhaitzek hostoak botatzen dituzte udazkenero.

Energia efizientzia da basoak biluztearen arrazoia. Udazkenean, egunaren orduak gutxitzen doaz, eta horrenbestez, ez du merezi fotosintesia bezalako prozesuak gauzatzea. Hostoetan egiten da fotosintesia, non eguzki energia baliatzen den ura eta karbono dioxidoa elikagai eta oxigeno bihurtzeko. Eguzki jatorriko energia nahikorik ezean, fotosintesia eta hostoa bera mantentzeak ez dute konpentsatzen, eta ondorioz, zuhaitzek hostoak botatzen dituzte energia gastuak murrizteko. Konplexua da oso hostoen botatzea. Bota aurretik, hostoaren tripak guztiz desantolatzen dira, eta osagai horien birziklapena abiatzen da zurtoinetara eta sustraietara. Behin enborrak eta zainak asetuta, eta hostoa guztiz hustuta, botatzen du hostoa zuhaitzak.

Abuztuaren 3an, uda bete-betean, jada hostoa botata zuten pagoak ikus zitezkeen Urbia aldean. Orduan, eguzki energiaren eskasiarik ez bazen ere, uraren egarriz genbiltzan denok, baita zuhaitzak ere. Ura ez galtzeko mekanismoak dituzte zuhaitzek, baina lehortea denboran mantentzen bada, mekanismo horiek fotosintesia kaltetu eta hostoa botaraztea eragin diezaiekete. Urbiako pagoek, beste askok bezala, hostoa lehenago botatzea erabaki dute izan dugun uda bero eta lehorra dela eta. Azken horiek ez dute hostoa berrituko datorren udaberrira arte.

Hurrengo urteetarako iragarpena aldatzen ez bada behintzat, geroz eta ohikoagoa izango da hostoen botatzea aurreratzea, baita bero lehorrak zuhaitza eta zuhaizpea kiskaltzea ere. Berriak txarrak dira eguzkiaren onena itzala dela uste dugunontzat!