Herri mugimendua

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirretxe 2015ko abe. 24a, 08:01

Nahiko herri saltseroa da gurea, kultur eta formakuntza eskaintza zabalak, mobilizazio, kirol ekimen edo pintxo poteak, beti daukagu aitzakiaren bat etxean ez geratzeko. Herriko eragile anitzen eskaintzak, herri saltseroaren eskaerari erantzuten diola dirudi, edo alderantziz, eskaintza zabalak animatzen gaituela kalera ateratzera.

Ziurrenik, hala ere, ez da egokiena merkatuaren logikatik (bakarrik) herriko giroa aztertzea, gutako saltsera askok herrigintza baitugu (besteak beste) xede. Injustizia ezberdinei aurre egiteko antolatutako herritar kolektibo ugariak; bestelako bizi ereduetan sinesteaz gain bide hori, nork beretik, baina herritarrok elkarrekin eraiki asmo dugunak. Zentzu horretan, maiz, zortedunak ere bagarela iruditzen zait azpeitiarrak. Izan ere, zer da bada herri mugimendua, mugitzen den herrian oinarritzen ez bada?

Ze norabidetan eta nola mugitzen garen, beste kontu bat da, ordea. Beste kontu bat bai, baina ez garrantzia gutxiagoduna. Argi dago, mugitzen den orok elikatzen duela herria, eskari eskaintzaren, kapitalaren logika gaindituz, herritar pasibo edo kontsumitzaile soil izatetik, herrigintzaren subjektu, eraldaketaren motor garela ulertuz. 

Herri mugimendu anitza bai, baina batzuetan Azpeitian gailentzen den kultura politikoa nahiko tradizionala dela esango nuke. Eraldaketak, bere horretan ez du tradizioari traizio egitea suposatzen, mugimendu asko egoteak herri mugimenduaren heterogeneitatea bermatzen ez duen bezala. Gustuko ditugun geure erroak mantendu bai, baina horiek zalantzan jarri eta etorkizunean fruitu aukera anitzakoa izateko kimuak ereitea, ezagutu eta ulertzen ez ditugun kimu horiei tokia egitea, edota berriak asmatzea ere guri dagokigu. 

Ez zurea (bakarrik) ez nirea (bakarrik), denontzat tokia izango duen herria, ezinbestean, denon artean eraikiko dugu. Aurrerantzean ere, kalean elkartuko gara.

Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau.