Beldurren beldur

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirretxe 2014ko eka. 18a, 12:22

Beldurraren garaia omen, hala diosku Eduardo Galeanok Beldur Globala poesian, langileak lana galtzeko duen beldurra, enplegu gabeek inoiz ez aurkitzekoa. Emakumearen beldurra gizonaren biolentziari, gizonaren beldurra beldurrik gabeko emakumeari. Lapurren beldur, poliziaren beldur, giltzatu ezin daitezkeen ateei beldur, erlojurik gabeko denborari, telebistarik gabeko umeari. Jendeari beldur, bakardadeari beldur. Hiltzeari beldur, bizitzeari beldur.

Sistemaren tresna paregabea da beldurra, kontrola bermatzen baitu, sumisioa. Boteredunek boterea mantentzea eta zapalduok zapalduak izaten jarraitzea, sistema birproduzitzea.
 
Terrorearen saturazioa ematen da hedabideetan, siniestrotasuna eta paniko leherketa eguneroko ogi bihurtzen dute filmek. Guztiz normalizatuta saltzen digute bortizkeria; erotismoa helduen ordutegira mugatzen dute, baina biolentzia esplizitua uneoro ageri da. Giza-emozioekin jokatzen da, jendarteari kaosaren ideiaren bidez beldurra barneratzeko.
 
Beldur naiz beldur hau urrutiegi joango ez ote den, zinez izutzen bainau beldurra sentitzeak. Baina beldurrak ez gaitu zuzenean pasibo bilakatzen, beldurrak arriskuaren kontzientzia hartzea ekar baitezake, galdu dezakegunaren eta irabaz dezakegunaren balantzaren aurrean kokatzea. Eta irabazteko hautua egitean, subjektu bilaka gaitezke, ausardiaz jantzi. Arriskuaren kontzientziarik ez duena ez baita ausarta, paradoxikoki ez baitago beldurrik gabeko ausardiarik.
 
Beldurrez eta bortizkeriaz zapalduak ausardia lortzean, beldurra bandoz aldatuko da, boteredunen boterea kolokan jarriz. Galtzeko baino, irabazteko gehiago dugunaren kontzientzia falta zaigu, beti behean mantentzen gaituen sistemaren oreka desorekatu hau irauli dezakegula sinestea.
 
... eta bihar beldurrik gabe esnatuko bagina?
 
Ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.