Ispiluari begira

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirretxe 2014ko mai. 14a, 11:48

Duela hogeita hiru urte inguru hasi zen dena, orduan erabaki baitzuten egun nire guraso direnek beste ume bat mundura ekartzea, eta nire ama haurdun geratu zen. Hilabete batzuk pasatuta, medikuek amaren sabelari atera zioten argazki batean zakilik gabe jaioko nintzela ikusi ei zuten, neska izan behar nuela erabaki.

Hurrengo erabakiak nire bizitza baldintzatu du, beti nirekin eraman dudan eta eramango dudan zerbait ekarri baitzidan, izena. Amaia izenez izendatu ninduten, modu berean erregistratu, eta oroimena dudanetik Amaia entzutean biratzen dut burua.
 
Orduan hasi zen nire existentziaren historia, orduan ezarri zituzten nire egungo izaeraren lehen adreiluak. Modu askotan jantzia izan naiz, orri asko ditu dagoeneko nire bizitzaren liburuak. Liburu hau nik neuk idatzia dela uste nuen, eta egia da hein handi batean neronek norabidetu dudala idatzia, nire eskuetan dagoela luma. Baina norabidea aukeratzeko parada oinarri batetatik abiatu zen, eta ordurako izatearen funtsa baldintza zezaketen kapituluak idatzita zeuden. Hasierako adreilu haiek garrantzia handia baitute nik jartzea erabakitzen dudan adreilu berri bakoitzaren izatean, kolorean eta forman.
 
Bestalde, nire eraikina eraikinez inguraturik dago. Eraikin horietako batzuk kasualitatez egokitu dira nirearen inguruan; beste batzuk, berriz, jarri ditudan adreiluei esker. Baina denek eragiten dute arkitekturan, edo nire liburuaren idazkeran. Batzuek zeuen orriak idaztea lortu duzue, beste batzuk, nire kaligrafia aldatzea, parentesi eta harridura ikurrak gehitzea, edo eta paragrafo bat amaitzea.
Eta beste bat hastea.
 
Gustuko dut ikusgarri nahiz ikusezin diren prendak eranztea, egituraren konplexutasuna ulertzen saiatzea, inguratzen nauenarekiko kontzientzia izatea. Ispiluari begira biluztea.
 
Maiatzeko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.