Marka

Erabiltzailearen aurpegia Amagoia Gurrutxaga 2020ko ots. 20a, 09:19
(Itziar Aranguren)

Amagoia Gurrutxagak 2020ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Badakit ez zaizuela batere inporta, baina segidako lerroak beren testuinguruan uler ditzazuen datua lagungarri izan dakizuekeelakoan, esango dizuet: ez naiz Azpeitian bizi. Horregatik, batzuetan galdetzen diot neure buruari ea zer demontre egiten dudan hemen aldiro idazten. Ez daukat oso argi. "Astean bizpahiru aldiz etortzen haiz hona, hori ere egia dun", pentsatu izan dut inoiz. Baina bisitari sentitu ohi naiz hemen, ezinbesteko turista.

Detaile txikien bitartez konturatzen naiz arroztasun horretaz, normalean. Enparan dorretxe inguruko herri lanei, esaterako, puntu gazi-gozo batekin begiratu izan diet. Oinezkoentzat izango zela jakin orduko hasi nintzen inguruan tabernarik-eta ba ote dagoen begira. Ni bizi naizen herrian, izan ere, oinezkoentzakoak izango zirela esan ziguten hainbat espazio –asko–, denborarekin, tabernetako terraza bihurtu dira. Lehen autoei iskin egiten ibili behar izaten genuen tokian, orain, jendez betetako aulki eta mahai ginkana daukagu. Eta kexurik ez egitea hobe. Bezeroak beti dauka arrazoia, izan ere. Turistak badira, are gehiago. Oinezkoak ez gara herri lanen bezero, ematen duenez.

Behin honaino iritsita, esango dizuet, hori ere batere ez zaizuela inporta badakidan arren: Zarautzen bizi naiz. Babes ofizialeko etxeak dirurik ez zeukan jendearentzat egiten ziren garaiko adur on kolpe bati esker. "A klaro, Zarautzen! Hori turistaz josia dago. Azpeitia ez da herri turistikoa", esango didazue. Bale. Begi bistakoa da: ez dauka plaiarik, ez da jende andana etortzen hona bisitan.

500 urteko bidea

Urtebete ere ez da, gogoan izango duzue, "turismoa elkarlanean ordenatzeko plana" aurkeztu zutela hemen, Inaziotar Bidea oinarri hartuta. Bide horren ustiapen turistikoaren lehen harria, 2015eko abuztuaren 1ean bedeinkatu zuen Jose Ignacio Munilla gotzainak, Loiolako santutegian. Handik urtebetera, "turistak Loiolatik Alde Zaharrera gertutatzea eta herriko ondare kulturala eta naturala balioan jartzea" nahi zuen udalak, halaxe ageri da aldizkari honen hemerotekan.

Inazio Loiolakoa –uko egiten diot haren santutasun titulua onartu eta zabaltzeari– hazi, hezi eta erlijioso bihurtu zen guneak ezagutarazteko hiru ibilbide turistiko iragarri zituzten orduan, Azpeitia Experience (sic) markaren pean. Turismo proiektu horretan, Eusko Jaurlaritza –Basquetour turismo agentziaren bitartez–, Gipuzkoako Foru Aldundia, Azpeitiko Udala eta jesuitak –Deustuko beren unibertsitate pribatuaren bitartez– sartu dira.

Ez dakit bultzatu nahi duten bide hori oinezkoentzako Enparan dorretxe ingurutik pasatuko den, baina laster jakingo dugula uste dut. Datorren urtean beteko dira 500 urte Loiolako jauntxo-semea Iruñean zauritu zutela –Nafarroa Gaztelarena izan zedin borrokatzen ari zela– eta katolikoen jainkoa besarkatu zuela. Jesuitek aspaldi iragarriak dituzte ospakizun ekitaldiak. Nik ez diet jaramon handirik egingo. Batetik, ez zaidalako batere interesatzen. Bestetik, nahikoa izango dudalako Getaria auzo herrian iragarrita dauden Juan Sebastian Elkanoren gorazarrerako ekitaldi betekada liseritzen. Hori ere, turismoaren amua lagun. Turismoak denerako balio du XXI. mendeko Euskal Herri honetan. Zenbaitetan, oinezko xumeei espazio publikoa kentzeko. Propaganda erlijioso edota kolonialistarako ere bai sarri. Ez dauka zertan beti hala izan, ados. Esperimentu eta esperimentu artean, baina, esperientzia ahazteko joera temosoa daukagu. Marka da.