Hilobitik

Erabiltzailearen aurpegia da hau Amagoia Gurrutxaga | Iritzia
2019ko urr. 24a, 09:00

Amagoia Gurrutxagak Uztarria aldizkariaren 2019ko urriko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Nik ez dakit zergatik deitzen diogun Erorien Harana, eraitsi gabeko hamaika isiltasun eta zigorgabetasun hormaren ikur den horren toki-izena hain egokia denean: Cuelgamuros. 1959ko apirilaren 1ean –Francisco Franco diktadoreak 36ko gerra ofizialki amaitutzat eman eta 20 urtera– inauguratu zuten bertako monumentu multzoa, basilika eta abade etxea barne.

Inaugurazioa egin eta hiru urtera, 1962ko abuztuaren 12an, anarkista komando batek lehergailu bat jarri zuen basilikako aldare atzean. Kalte txikiak eragin zituen. "Franco, hilobian ere ez haugu bakean utziko", idatzi zuten komandokideek Frantziako beren ezkutalekutik.

Ibili-ibili eginda, aldare haren altzoan hobiratu zuten diktadorea, 1975eko azaroaren 23an, eta, duela mende erdi luzeko anarkistek esan zutenaren kontra, bake ederrean utzi dute. Eta bai, badakit Espainiako Auzitegi Gorenak desobiratzea ahalbidetu berri duela, baina desobiratze hori ez da memoria politika integral bat. Eta hori da behar dena, milaka herritarren desobiraketak egiteko, espolioa indargabetzeko, epai frankistak legez kanpoko bihurtzeko, gerra eta diktadura kriminalak epaitzeko eta gertatutakoaren ezagutza belaunaldi berriei transmititzeko. Bien bitartean, Francok oinordetzan utzi zituen egiturek ukiezin izaten segitzen dute eta orduko mezuek indarra hartu dute egungo agenda politikoan eta iritzi publikoan. Margarita Robles Espainiako jarduneko Defentsa ministroa bera, esaterako, "Legioak Espainiako historiako alderik onena" ordezkatzen duela adierazteraino iritsi da berriki.

Mariquita legionaria

Ez naiz hasiko hemen Legio horren historia osoa aletzen. Nahikoa izango da 1922an Espainian jostailu izan ziren kromo batzuk zuei aipatzea. Gure umeen artean Pupu eta Lore bezalaxe, Espainiako umeen artean urte luzez oso ezaguna izan zen Mariquita izeneko neskatila bati eskainitako bilduma batekoak ziren kromo haiek; Mariquita legionaria izena zuten, zehazki; eta legionarioz jantzita agertzen zuten, ume beltz baten buru moztu berria eskuan eta beste bi ume beltz katez lotuak ondoan. Bi urte besterik ez ziren Jose Millan-Astrayk Legioa sortu zuela, Espainiako tropak Afrikan egiten ari ziren gerraren baitan, eta buru-mozketak eta esklabotza legionarioen eguneroko jolas gisa azaltzea dibertigarri iruditzen zitzaien, nonbait, 1922 hartan.

Irakurleak aurkituko du Afrikako gerra haren inguruko informazio aberasgarririk, besteak beste, Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburuan. Miguel Unamunoren poema batetik hartua du izenburua. Donostiako Zinemaldian eman berri duten Mientras dure la guerra filmean, kasualitatea zer den, 1936ko gerra garaiko Millan-Astrayren eta Unamunoren arteko ika-mika mitikoa eta Afrikako gerran zaildutako militarren konspirazioak ageri dira. Franco bera ere, esan gabe doa, Afrikan hasi zen generalisimo izan arteko karrera egiten.

Aurtengo Zinemaldian aurkeztutako beste lan batek, La trinchera infinitak, militar afrikanista haien kolpearen ondorioz bere etxean itxi eta 33 urtez sator bihurtu zen gizon baten benetako istorioa du abiapuntu. Anarkistek Cuelgamurosko aldarean lehergailua jarri zutenean ere, sator bizi zen gizon hura. Eta Erorien Harana deitzen diogu oraindik ere Cuelgamurosi. Francok buelta eman ziolako ekintzaile haien esaldiari. Hilobitik ere ez gaitu bakean uzten.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu