Denboraren erlatiboa

Erabiltzailearen aurpegia Alex Silva 2014ko ira. 4a, 16:25

Dagoeneko bai marka ezagunek eta bai ordutegi aldaketek adierazi digute ez dela opor garaia. Garai horiek bukatu direla eta orain, vuelta al cole delako garaian gaudela.

Zein azkar pasatzen zaigun denbora oporretan gaudenean, zeregin handirik ez dugunean.

Ikasleei ere berdina gertatuko zaie. Orain, irailean, emango dute izena ikastetxean edo unibertsitatean, eta azterketa garaia urrun ikusiko dute. Juerga, parranda eta eguzkiaren azken izpiak ere aprobetxatzeko tartea izango dute. Konturatzerako lanak, proiektuak eta txostenak entregatzen hasiko dira. Baita testu-liburuen barna bidaia egiten, etenik gabekoa.

Eta konturatu ere egin gabe azterketa epean egongo dira. Azterketa aurreko azken egunetan. Ia ikasteko denborarik gabe.

Egia esan, ez nintzen fisikako eta kimikako ikasle aparta, ezagutzen nautenek ederki dakite hori. Baina asteburuan bizitako gertakari batek Albert Einsteinek argitara eraman zuen erlatibitatearen teorian pentsarazi dit azken egunetan. Ez naiz gai E=mc2 formula azaltzeko, ezta neuk egin dudan interpretazioa ere horrekin bat doan edo ez ziurtatzeko. Baina ez dut uste asko aldenduko naizenik.

Oker ez banabil, Einsteinek finkotasunaren aurka egin zuen teoria iraultzaile honekin. Hau da, gauzak ez direla finkoak, erlatiboak baizik. Ingurukoaren arabera, era batera edo bestera ikusi edo ulertu daitezkeela.

Guk beti dugu ohitura gauzak zenbatzeko. Minutuetara, kiloetara nahiz metroetara ekartzeko.

Baina ez dira berdinak istripu baten ondoren, zaurituak daudenean, anbulantzia eta sorospen zerbitzuen zain gauden hamar minutuak, edo terraza batean eserita, gustura gauden ordu erdia. Izan ere, terrazakoa hamar minutu baino laburragoa izan denaren sentsazioa izango dugu, aldiz, istripuaren inguruko hamar minutuak bi ordu baino gehiago bilakatuko zaizkigu.

Zein da zuzena? Pragmatikoenek esango dute ez bata ez bestea. Hamar minutu eta ordu erdia izan direla, erlojuak markatzen duen moduan.

Baina nola ulertu orduan, istripuan bertan dauden pertsona desberdinen denboraren sentsazioa? Hau da, gertakaria ikusi eta sorospen zerbitzuetara deitu duenarentzat ikaragarri luzatu da itxaronaldia. Anbulantzian zetorren gidariak, berriz, inoiz baino azkarrago etorri direla adierazten du. Larrialdi zerbitzuen kudeaketa arduraduna pozik da markatutako epeetan bete delako zerbitzua. Eta zaurituarentzat, begiak itxi eta zabaltzea bezalakoa izan da. Konturatzerako ospitalean zen.

Harrigarria. Askotan nahiko ez genukeen moduan bizitzen dugu denbora. Nahiago genuke  ondo pasatzen ari garenean denbora luzatzea eta une txarretan laburtzea, baina naturaren misterioak.

Ez dakit Einsteinen teorian ondo txertatzen ote den nire burutazioa, baina izan gaitezen geu ere erlatiboagoak denborarekin eta epeekin, zoriontsuago biziko baikara.

(Urola Kostako Hitza-n argitaratua, 2014-09-04)