Zer izan nahi duzu handitan?

Erabiltzailearen aurpegia Alex Silva 2014ko mai. 2a, 12:22

Oraindik gogoan dut nola eskolatik irtetean, edo familiako bazkari zein afaritan ohiko galdera izaten zen: Zer izan nahi duzu handitan?

Beti pentsatu dut erantzuteko galdera zaila dela. Zazpi edo zortzi urte dituen haur batek zertan oinarrituta erantzungo duen galdera hori. Ohiko erantzunak ere izaten ziren: mutilek futbolaria, suhiltzailea edo astronauta izan nahi zutela esan ohi zuten; neskek berriz, irakaslea, modeloa edo abeslaria. Tira, oraingo ikuspegitik begiratuta, zertzelada matxistak ikusten zaizkie erantzun horiei, baina lehen ohiko erantzunak ziren, aldatu garenaren seinale.

Haurrek galdera horri ematen dioten erantzunarekin, zenbaitek ikerketak ere egin izan dituzte, eta hor bai ikusten da nola aldatu den gure gizartea. Bai, goazen harira, gaurko nire helburua ez baita matxismoa eta egungo gizartea aztertzea.
Galdera famatua botatzen zidatenean, asko kostatzen zitzaidan erantzutea. Ez nuen batere garbi zer izan nahi nuen. Urteak pasa ahala, ogibide gehiago ezagutzen dituzu, topikoak gainditzen dituzu, eta batzuk beste batzuek baino gehiago gustatzen zaizkizu. Nik, hala ere, zalantzak izan nituen beti. Ez nekien, kazetari, legegizon, albaitari… Hori bai nahasmena, horrenbeste lanbide, eta gazterik aukeratu behar.

Eskolarekin egindako irteera batean garbi aipatu nuela adierazi zidan garaiko irakasle batek orain gutxi. Loiola Irratira egindako bisitan, kristalaren beste aldean zegoen esatariaren lana egin nahi nuela esan omen nuela azaldu zidan andereñoak.

Batetik edo bestetik, azkenean, batxilergoa egiterakoan eta ondoren aukeratu nuen. Komunikazioan lizentziatu nahi nuen. Horregatik, azkenean, ikus-entzunezkoetan karrera egin nuen. Kazetaritza eta antzerakoak beste ikasketa asko baino errazagoak direla esango dute askok. Ez noa ni horren aurka egitera, baina hori bai, bere lana eman zidala bai.

Dena lehenengoan egin banuen ere, lau urte pasatu nituen unibertsitatean. Ikasi, asko ikasi nuen, baina momentu gogorrak eta zailak ere gogoan ditut. Dena den, beste edozein gazteren moduan, unibertsitatean zauden bitartean amaitzeko gogoa duzu beti, ikasketak amaitu eta profesionalki zure lanbidetik bizitzea amesten baituzu. Unibertsitatean nengoen bitartean egindako lanak, praktikek eta bestelakoek gogo hori handitu besterik ez zuten egiten.

Non sorpresa? Tira, unibertsitatea amaitu eta krisian dagoen gizartean ezin topatu zeure lekua. Saiatzen zara batean eta bestean, eta ez duzu lanik topatzen. Gainera, egoeraren aitzakia erabilita, enpresa askotan lan baldintzek okerrera egin dute, soldatak murriztu, langileak kaleratu… Gaur Langileen Nazioarteko Eguna da, eta aste honetan bertan ezagutzera eman dira langabeziaren eta lan egoeraren bilakaeraren zenbait datu. Hor jakinarazi dute EAEn geroz eta enplegu gutxiago dagoela eta gazteen artean aurkitzen dela datu larrienetako bat: gazteen ia %60ak ez dute lanik.

Hau da, hamar gazte euskaldunetik seik ez dute lanik. Eta are larriagoa da entzutea langabezian dagoen pertsona ugarik, epe laburrean lana aurkitzeko esperantza ere galdu dutela.

Hori bai marka. Nik ez dakit nolako lan politikak egin behar diren, gaurko manifestazioek zerbaiterako balioko ote duten edo zein irtenbide bilatu behar diogun egoerari, baina garbi dudana da, goazen bidetik, etorkizunean ezingo diogula gure haurrei galdetu: Eta handitan zer izan nahi duzu?.

(Urola Kostako Hitza-n argitaratua, 2014-05-01)