Zenbat balio du bizitzak?

Erabiltzailearen aurpegia Alex Silva 2014ko mar. 13a, 13:52

Aurreko egun batean, tabernan lagun batekin kafe bat lasai hartzen ari nintzela kontatu zidan bere inguruan gertatu zena.

Antza denez, bere ezagun batek denbora luzea zeraman oso gaixo. Laurogei urtetik gora zituen eta adin horietan, dena zailagoa izaten da. Gaztetatik, urteak pasa izan bazituen medikua bisitatu gabe, behar ez zuelako, azken bi urteetan, bere bizitzan zehar egin gabeko sartu-irtenak egin zituen medikuaren kontsultan. Gu guztiontzako dira ezagunak horrelako egoerak, denok ezagutzen dugu norbait, denboraldi batean denbora luzez egon dena medikuenean.

Tarte horretan mediku eta erizain ugarirekin egon zen gizonezko hau. Noski, guztiak ez dira berdinak, kazetarien artean edo irakasleen artean ere denak berdinak ez garen moduan. Pertsonak dira. Baina bere adina edo osasun ahularen ondorioz, askok ez omen zioten behar besteko kasurik egiten. Ez da lehen aldia horrelako zerbait entzuten dugula, ezta?

Badirudi, zenbaitentzat ez dela berdina 20 urteko gaztetxo bat edo laurogei urteko emakumezko bat. Bizitzaren ibilbidea eginda badu, tira, gaitz erdi, edo hori dirudi.

Egia da, sinesmen hori nahiko barneratuta dugula gure gizartean, askotan entzuten da "ez dakit nolako hil da, baina jada laurogei eta hamabost urte zituen" edo "ez dakit noren semea hil da, oso gazterik"… Adinak ba omen du zerikusia.

Zenbat balio du bizitzak, ordea? Adinak ematen du aitzakiarik era bateko edo besteko zaintzak eskaintzeko? Bizitzak badu iraungitze datarik?

Ez dut uste inondik inora, horrelako egoerak orokorrak direnik. Gure osasun zentroetan, profesional handiak daude, baina lehen aipatu moduan, pertsonak dira. Eta pertsona guztiak moduan, ez gara denak berdinak.

Batzuk, bestearekiko tratua oso landuta dute, beraien enpatia berehala jartzen da martxan; beste batzuen kasuan, ordea, badirudi izotzezkoak direla eta beraien lana mekanikoki egiten dutela. Ez zaizue inoiz gertatu denda batera sartu eta bertakoak saltzeko gogorik ez duenaren sentsazioa izatea? Bada, antzerako zerbait da, baina pertsonekin eta pertsonentzat lan egiten denean, gauzak larritu egiten dira. Inor ez da joaten medikura gogoa duelako. Inork ez du nahi izaten gaixo egotea.

Nire lagunak pasarte hau kontatzen zidan bitartean kafea amaitu genuen eta etxera joan ginen. Ezin nuen burutik kendu gaia. Telebista aurrean jarri eta orain gutxi telebistan jarri diguten kate berri horietako bat ikusten hasi nintzen. Bertan azaldu zen fraile bat. Zer zen zoriontasuna azaltzen saiatu zen. Bere azken hitzak, "zoriontsu garenean esker onekoak izaten garela diogu gehienok, baina esker onekoak garenean lortzen dugu zoriontasuna". Hori bai pasartea, arratsaldekoa azaltzeko modukoa. Izan gaitezen esker oneko guztiekin, horrek zoriontasuna emango baitigu, bestearen ibilbidea, itxura eta adinari begiratu gabe.

(Urola Kostako Hitza-n argitaratua, 2014-02-06)