Apocalypse Now

Erabiltzailearen aurpegia 'Urola Kostako Hitza'-n argitaratua 2014ko ots. 6a, 16:59

2012ko abenduaren 21ean, Donostian eta Azpeitian San Tomas eguna ospatzen genuen bitartean, munduaren amaiera iritsiko zela iragarri zuten Maiek. Batek baino gehiagok txorizo pintxo eta txistorra talo artean zerura begiratzen zuen, ea eguzkia lehertzen ote zen, edo lurra gure oinen azpian zabaltzen hasten zen.

Ez zen gutxiagorako, izan ere, aurreko egunetan sekulako zalaparta ibili genuen telebista eta hedabideetan. Zenbait kazetarik ere jarri zion ordua munduaren amaierari, arratsaldeko bostak. Hala ere, ez bostetan ez seietan ez zen ezer gertatu. Txorizoz, sagardoz eta txakolinez bapo eginda amaitu genuela besterik ez.

Egia esan, eta nire gaztetasunetik, munduaren amaiera bat baino gehiago bizi izan dudala esan dezaket. Ez dakit ze astro edo kometa planetatik gertu dugula eta gurekin egingo duela talka, mende aldaketarekin kaosa egingo zela munduaren jabe, ez dakit zernolako extralurtarren inbasioak gu dominatuko gaituela, makinak erotu egingo direla eta gure aurka egingo dutela...

Ez naiz ni horrelako kontuen aldekoa, baina azkenaldian bizi eta ikusi izan ditudanak munduaren amaiera gertu izan dezakegula ekarri dit burura.

Ikaragarriak Donostiako irudiak. Hiriburuko zubi nagusiak ia suntsitu ditu itsasoak, berea dena eskuratzen saiatu da Kontxako badian, Moneoren kuboak ia itsasontzi bihurtu ditu.

Dena dela, kalteak ez dira Donostian bakarrik gertatu, eskualdean, Getaria, Zarautz, Zumaia eta Orio, eta Bermeo, Hendaia eta beste asko ere kaltetu ditu denboraleak.

Agian, azalpen zientifikoekin gure lasaitasuna berreskura dezakegu. Itsasgorarekin batera suertatu zela denboralea, marea bizien eragina nabarmena dela, azken egunetako euriteek ere eragin dutela...

Baina bestelako irakurketa ere egin daiteke: poloen urtzeak eta ozono geruzaren txikizioak eragina izan duela, klima aldaketak zerikusia izan duela...

Edo, agian, gizakiak inguruarekiko duen axolagabekeriak eragin du.

 

(Urola Kostako Hitza-n argitaratua, 2014-02-06)