Haur motorizatuak

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza-n argitaratua 2013ko aza. 7a, 16:38

Ez da astebete izango inguruko herri batera zenbait enkargu egitera joan nintzela. Arratsaldea hasi berria zen. Kalean gora nihoala auto zarata ugari entzuten hasi nintzen.

Soinuak, motor hotsak, garrasiak... zer ote zen hura, munduaren amaiera edo.

Gehiago gerturatu nintzen orduan. Eta hantxe ikusi nuen kotxe mordoxka bat. Nonahi zeuden autoak: espaloien gainean, zebrabideak oztopatuz, errepide bera okupatzen, etxeetako sarreren aurrean...

Kolore guztietako kotxeak ikusi nituen: marroiak, gorriak, beltzak, urdinak, zuriak, berdeak...

Baita marka eta modelo guztietakoak, Fordak, mendikoak, eleganteak, Audiak...

Ez zegoen erraz taldekatzerik. Zer gertatuko ote zen bertan galdetzen nion nire buruari. Eta orduantxe, txirrin bi, eskola-txirrinak ziren. Arratsaldeko bostetako eta egun amaierako hotsa zen hura.

Bat-batean, haur pila hasi ziren kotxeetara gerturatzen, batzuk gurasoekin, beste batzuk bakarrik, eskuak liburuz beteta zituzten askok, adin askotako haurrak ziren...

Pixkanaka eta lasai, gurasoek autoak hartu eta zona hura lagatzen zuten. Asko, ez urruti joateko, bi kale beherago joateko baizik.

Nik ezin nuen sinetsi han gertatzen ari zena. Kalea ia moztuta, kotxez gainezka, haurrak eskolatik jasotzeko...

Baina nire harridura ez zen hor amaitu. Egoera normaltasunera iritsi zenean, han ikusi nituen, urrunean, bakeroen filmetan gaiztoak urrunean eta behe-laino artean ikusten diren moduan bi udaltzain. Uniforme urdinarekin, bizkarrean polizia jartzen zuela. Errepide erditik zetozen, motel, lasai... Ezer gertatu ez balitz moduan. Nola daiteke? Galdetzen nion nire buruari. Orain bost minutu kalea autoz gainezka egon, errepide-segurtasuneko arau guztiak apurtu, eta isun bat bera ere ez jarri, presentzia areagotu ere ez.

Beldurrez begiratzen nion nire inguruari. Jokaera zein zen ikusita, nork zekien zer gerta zitekeen.

Tira, egin beharreko enkarguetara bidean jarraitu nuen. Lehen dendara iritsi ahala, nire harridura azaldu nion bertan zegoenari; gertatutakoa kontatu nion, baina dendariarentzako ez zen ezer berria. Egunero gertatzen zela zioen.

Berak ere ez zuen ulertzen, inguruko jendea nola joaten zen kotxean haurrak jasotzera. Zer-nolako hezkuntza ematen ari ginen, zein eredu.

Hau da, haurren bila kotxean joatea ez zen batere zuzena, ez baita ingurumenarentzako lagungarri, gainera bizitza sedentarioaren alde egiten genuen haurren aurrera, baina larriena, bizikidetza arauak urratzen genituen. Horren aurrean, ez eskolako arduradunek, ez udal ordezkariek, ez udaltzainek, ez zuten ezer egiten.

Hori bai, dendariak zioenez, asteburu normal batean, gertu dagoen jatetxera edo beste komertzio batera joateko bi minutuz espaloi gainean autoa lagaz gero, ziur isuna jartzen zizutela. Ezin nuen sinetsi.

Pentsatzen dut hau ez dela berria, herri askotan gertatzen dela, baina ni ez nago ohituta. Eskolara joaten nintzenean, oinez joaten nintzen, eta gurasoak ere oinez joaten ziren bila.

Dendariak esan zidan moduan, gaur eguneko haurrak, haur motorizatuak dira.

 

2013ko azaroaren 7an Urola-Kostako Hitzan argitaratua