50 lagun baino gehiago izan ziren Munoaundiko bisitan

Erabiltzailearen aurpegia Alex Silva 2013ko uzt. 29a, 12:25

Larunbatean goizeko hamaiketan Azkoiti eta Azpeitiko 50 lagun baino gehiago elkartu ginen Kukuherriko aterpetxeko aparkalekuan. Iraurgi Lantzenek jarritako zita zen hura, Urola bailarako arbasoen bizitokia ezagutzeko parada.

Aparkaleku bertaraino gerturatu ziren indusketen arduradunak, artean Sonia San Jose, Aranzadik izendatutako zuzendaria.

Aterpetxetik 30 minututara, aldapa gora, dagoen aztarnategira igo ginen bisitari guztiak. Bertan ziren inguruko herrietatik eta beste estatuetatik etorritako boluntarioak lur eta harri artean aspaldiko Azpeiti eta Azkoitiko biztanleen aztarnak topatzen.

Gogoz azaldu ziguten bertan egiten ari ziren guztia. Baita, inguruko erakunde publikoek (Gipuzkoako Foru Aldundiak, Azpeitiko Udalak, Azkoitiko Udalak eta Iraurgi Lantzenek) apustu tinkoa egin dutela proiektu honen alde eta horregatik dela posible ikerketa eta dibulgazioa lana egitea. Inguruko beste aztarnategi batzuk, murrizketen ondorioz, itxita geratu dira, Munoaundi ez bezala.

Aztarnategiaren kokapena bitxia da, mendi gailurrean, bailarako bista ezinhobeekin (bertatik, Azpeitia, Azkoitia eta inguruko beste herri batzuk ikusten dira) eta zenbait mendi lubakiek eskaintzen dituzten babes naturalen artean.

Badira urte batzuk indusketak ahsi zituztenetik, eta aurten ikerketa esparrua zabaldu dute. Geroz eta metro gehiago dituzte ikertzeko, geroz eta aztarna gehiago baitaude agerian. Herrixkaren harresi zati handi bat bistan da, eta orain bizitokiak ikertzen ari dira. Udalen babesari esker, gaitera, indusketa gunetik pinudia kendu eta ganadua sartu dute, horrela lurra garbi mantendu eta zuhaitzen sustraiek aztarnak ez urratzeko.

Aurten, oraindik, aurkikuntza bereziren bat egitea espero dute, dena den, abuztuaren 3an amaituko da aurtengo kanpaina.