Nire leihotik

Ez daukan hori...

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Ruiz 2021ko ira. 4a, 09:11

Alaitz Ruizek 2021eko abuztuko Uztarria aldizkarian Nire leihotik atalerako egindako ekarpena da honako hau.

Betidanik ibili izan naiz ez daukadan horri begira: bizilagunaren ile luzeari, lankidearen bizimodu arrakastatsuari, lagunak erosi berri duen etxe zoragarri horri... Ondoko mahaian duten ume matrail gorriari edo bestaldekoan duten parranda gogo biziari. Neguan eguraldi beroari eta udan neguko argazkiei begira.

Bai, horietakoa naiz ni ere. Beti albokoari begira barrura begiratu beharrean. Albokoa beti hobea delakoan, ez daukadan horren ametsetan ibiltzeak naizen guztia ezkutatzen didala ohartu gabe. Norbera izatea, izate hutsagatik bakarrik, gutxi balitz bezala. Momentua bera bizitzea nahiko opari ez balitz bezala.