Nire leihotik

Eta orain, zer?

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Ruiz 2021ko mar. 4a, 10:43

Alaitz Ruizek 2021eko otsaileko Uztarria aldizkarian Nire leihotik atalerako egindako ekarpena da honako hau.

Iritsi da otsaila,
amaitu da ehiza.
Eta orain, zer?
Amaitu da batzuen gozamena,
iritsi besteen oinazea.
Gehiegi omen gara, eta ni makalegia
edo zoroegia edo beltza naizelako, agian.
Eta orain, zer?
Orain, beldurra.
Hotza, gosea, begiradak,
beroa, egarria, harrikadak.
Iluntasuna. Beldurra.
Beldurra.
Eta orain, zer?
Orain, argia. Besoak, irribarre gozoak, laztanak.
Mesfidantza. Beldurra.
Eta orain, zer?
Orain, azkenik, itxaropena.
Pazientzia, enpatia, konfiantza.
Urteetako lana, etxe bateko beroa, familia.
Maitasuna.

Urtean Espainiako Estatuan abandonatzen diren 50.000 galgoetako baten istorioa da hau. Zoritxarrez, oraindik ere, gehiengo baten amaiera bestelakoa da.