Biltegiraketa

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Aizpuru 2020ko uzt. 4a, 10:13

Aitziber Aizpuruk 2020ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honako hau.

Badakizu frutak eta barazkiak erosterakoan aukeraketa egitea garrantzitsua dela. Baina ba al dakizu biltegiratze prozesua ere funtsezkoa dela elikadura segurtasunerako?

Bildu ondoren, arnasa hartzen jarraitzen dute frutek. Poltsetan gordetzen baditugu, hezetasuna hartzeko eta lizuna errazago hasteko aukera dute. Beraz, egun gutxitara jan behar badituzu, hozkailutik kanpo, oihal baten gainean (hezetasuna xurgatzeko) eta pilatu gabe uztea komeni da. Denbora luzeagoan biltegiratzea pentsatzen baduzu, hozkailuan sartu eta jan baino ordu batzuk lehenago atera, girotzeko eta zaporea hartzeko.

Tomatea, ahuakatea, tipula, baratxuria eta patata (saihestu pataten berdetutako eremuak kontsumitzea, alkaloide toxikoak izaten dituzte eta) Hozkailutik kanpo biltegiratzea komeni da. Bestalde, barazki eta belar usaintsu gehienak beren kaxan, baina hozkailuan gordetzea komeni da. Barazkiak izoztea pentsatzen baduzu, garbitu, txikitu eta ur irakinetan egin. Ondoren, ur hotzetan pasatu, ura kendu eta izoztu. Eta badakizu: eguneko jatorduen erdiek barazkiz osatuta egon behar dute, eta gutxienez, hiru fruta ale jatea komeni zaigu egunero.

Osasuna, munduko ondasuna.