Urte eta asmo berri

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Aizpuru 2020ko ots. 10a, 09:33

Aitziber Aizpuruk 2020ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Banator, urte berriko asmo berriekin berriz ere.

Forbes aldizkariaren arabera, erronka berriak proposatzen dituztenen %8k bakarrik lortzen dute beren helburua. Zehazte falta omen da oztopo nagusietako bat; asmo gehiegi, eta gainera, ez oso errealistak izatea. Urteroko asmoetako bat izan ohi da osasuntsuago jatea. Helburu zehatza al da? Eta zer da osasungarriago jatea? Perspektiba aldatzen badugu, proposatu dugun erronka betetzeko aukerak areagotuko ditugu, ez al zaizu iruditzen?

Osasuntsuago jatea bada zure helburuetako bat, zehazten laguntzera ausartuko natzaizu:

  1. Barazki gehiago jan eta bertakoei eta garaikoei protagonismoa eman. Konfiantzazkoak dira, nutritiboki aberatsagoak, eta bertako ekonomia bultzatzen da haiek janda.
  2. Egunero fruta pieza bat gehiago jatera animatu. Gosaritan, postrean edo jatordu tartean. Eta gogoratu beti eskura edukitzea.
  3. Lekaleen kontsumoa gehitu. Astean gutxienez bi errazio jatea komeni zaizu, eta gehiagotan jaten badituzu, hobe.
  4. Asteko menua planifikatu, denbora eta dirua aurreztuko dituzu.
  5. Kozinatu, errezeta berriak prestatzera animatu.

Eta etxean ez baduzu zure aitona-amonek ezagutzen ez zuten produkturik... bide onetik zabiltza.

Urte berri eta osasuntsu on!