Azukrerik ez?

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Aizpuru 2019ko uzt. 8a, 17:02

Aitziber Aizpuruk Uztarria aldizkariaren 2019ko ekaineko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Askotan entzuten dudan galdera da honako hau: ezin al da azukrerik kontsumitu? Dietista-nutrizionista naizen aldetik, ez dut sekula azukrea kontsumitzea gomendatuko. Baina azukreaz hitz egiten dudanean, azukre erantsiaz hitz egiten dut, ez elikagaiek berez duten azukreaz. Sarri, gizentzen ote duten beldurrez, azukre asko dutelako fruta eta zenbait barazki ez jatea erabaki duten lagunekin egiten dut topo. Frutaren azukrea da gutxien kezkatu behar gaituena. Izan ere, berez presente dagoen azukrea da, eta mantenugai gehiagoz –bitaminak, mineralak, ura, zuntza...– inguratutako matriz baten barruan dago. Ez dira gauza bera fruta pieza batek duen azukrea, eta industriak gaileta, zuku edo edari bati zapore gehiago emateko gehitu diona. Zeharo desberdinak dira, eta bereizten ikastea komeni zaigu.

Azukre erantsiaz edo azukre askeaz ari bagara, ez da komeni kontsumitzea. Eta noski, azukre erantsirik gabe bizi gaitezke! Azukrea konposatu kimiko bat da, eta ez du inolako elikagairik; kaloriak baino ez ditu. Haurrek, helduek bezala, energia modu iraunkorragoan ematen dieten elikagaiak behar dituzte osasuntsu eta sendo hazteko: labore integralak, lekaleak, tuberkuluak, frutak, barazkiak...

Mezua, argia eta garbia!