Garai txarrak trafikoarentzat Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia

Ez dago oso azkarra izan beharrik. Denbora gutxi barru, Gipuzkoan martxan zeuden hiru zabortegietatik bigarrena, Beasaingo Sasieta, hain zuzen ere, ixteko behar den denboran bakarrik, lurralde osoko zaborrez beteta etorriko diren kamioiak hasiko dira gure errepideetara iristen, irekita geratuko den zabortegi bakarrera, Lapatxekora, etortzeko. Azpeitia bihurtu zaigu Gipuzkoako zabortegi. Eta hori guztia, gaur egunean Foru Aldundian dabiltzanen kudeaketa txarrari esker, besteak beste, eta burugabekeria honen gidari, Iñaki Errazkin, Azpeitiko alkate ohia.

Sartu orduko, hondakinen gaiari irtenbide moderno bat emateko hitzartu eta onartu zen sistema gelditu zuten, ingurumenaren errespetuaren gainean aurreratuenak dabiltzan nazioekin, Danimarka, Austria edota Alemaniarekin, esate baterako, bat zetorren konponbidea izan arren. Lau urte pasatu ondoren kolapsoan erortzeko zorian gaude. Paralizatzeaz aparte, ez baitira gauza izan Bergarako bigarren konpost-plantaren zimenduak jartzeko, edota Zubietako Tratamendu Mekaniko Biologikoko (TMB) plantarentzat ingurumen-baimena lortzeko ere, eta power point-ean egindako dokumentu bat baizik ez da gaur egun, azken produktua, gainera, Zestoako harrobi horretan lurperatzeko asmoarekin. Eta azken honentzat, ez edukitzeagatik, aurreproiekturik ere ez dute, ingurumenaren aldetik izan ditzakeen eraginen azterketa egiteko, harrobiak duen edukieragatik aukeratua izan dela baino.

Egoeraren analisi azkar hau eginda, jo dezagun, orain, izenburuaren gaira. Garai txarrak datoz trafikoarentzat, Azpeitian bizi garen eta herrira sartzeko eta ateratzeko errepideak erabiltzen ditugun guztiontzat. Datozen hilabete edo urteetan, Lapatxek duen kapazitatearen edota hura handitzeko dituzten aukeren arabera, egunero-egunero gure herrira etorriko diren dozenaka eta dozenaka kamioirekin batera bizi beharko dugu. Atoi konpaktatu handiekin, lixibiatuen errekak isuriz, kiratsak zabalduz, zaborren joan-etorri amaigabean ibiliko diren kamioekin.

Irudika ditzagun, une batean, Zumarraga, Urretxu eta Legazpi aldetik etorriko diren kamioiak, joan-etorriko bidaian. 16 kilometrotan etengabeko zigi-zaga luzeko errepide batean zaborrekin datozen kamioiek gainerako kamioiekin, lineako autobusekin, partikularren ibilgailuekin eta eskualdeko ospitalera joan behar duten anbulantziekin bizi beharko dute. Hori da hori panorama! Eta horretaz ari garela, errepide hori hobetzeko plan bat ere bazen, baina gaur egunean Foru Aldundian maizter dauden horiek "zementoaren kultura amaitu da" ere erabaki zuten, eta hobekuntza hori kaxoiren batean galdu zen, Azkoitiko eta Azpeitiko gaur eguneko alkateen axolagabekeria eta isiltasunaren aurrean. Horrez gain, Azkoitian elkartuko dira Urola Garaia eskualdetik datozenak Debagoienatik (Arrasate, Bergara, Oñati...) eta Deba Beheatik (Eibar, Elgoibar, Mendaro, Deba, Mutriku...) datozenak, Azkarate gainetik etorriko baitira hauek.

Zestoa alderantz, autopistara sartzeko ordainlekuraino doan trafikoak ere ez du atarramentu hoberik aterako. Gipuzkoako biztanleen hiru laurdenak Donostialdea-Bidasoa ardatzaren inguruan bizi badira -hor baitaude bizigunerik handienak- badakigu nondik iritsiko zaizkigun zabor guztiak. Horrez gain, errepide horretatik ari zaizkigu iristen, gaur egunean jadanik, lehen Zarauzko Urteta zabortegira joaten ziren hondakinak. Eta denak, Landetako biribilgunean, errotondan, biraka.

Azkenik, Errezilgo errepidea geratzen zaigu (Mandubia alde batera uzten dut, zentzu onagatik), hortik etor baitaitezke Tolosaldea-Goierritik etorriko diren kamioiak, ez badute behintzat Aritzetako lotunera joatea erabakitzen autopistarekin bat egiteko, eta Arroako irteeratik irten.

Hau izango da azpeitiarrok datozen ez dakit zenbat urtetan, jasan beharko dugun egoera, Gipuzkoako zabor guztiak guk hartu behar izatera kondenatuak geratzeaz gain.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide