Boteprontoan

Gure hitzordua

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Garmendia 2022ko eka. 11a, 08:54
(Argazkia: Pixabay)

Aintzane Garmendiak 2022ko maiatzeko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Eskuko telefonoko egutegia keinuka ari zait, hainbeste hitzorduren eta ekintzen segidak haren antolaketa inoiz baino nahasiago bilakatu balu bezala. Automatikoki ageri zen kolore urdinarekin nahikoa ez, eta polikromiara lerratu naiz. Aspaldidanik ditut kolore bakoitzaren esanahiak hankaz gora: planak, azterketak, jaiegunak, urtebetetze egunak... Bai, urtebetetze egunak ere gordeak ditut, badaezpada.

Betidanik izan dut harreman estua badaezpadako kontuekin: nire buruaz gehiegi fio ez, eta ertz desberdinei begiratzeko joera dut, ikuspuntu desberdinei tarte bat eskaintzekoa. Halere, oroimenak lantzean behin egiten dizkit txantxak, eta ezin saihestu momentuko lapsus horietakoak; esaterako, dendara produktu jakin bat erostera sartu eta etxeratutakoan behar nuen hura ez beste hamaika tramankulu erosi ditudala konturatzen naizenetan.

Pentsatzen jarrita, zein hegitan ibiliko ginen aztarrenik gabe eraman ninduzuen hartan bizitakoa ere ez zait berehalakoan ahaztuko, ez. Erantzunen bila irten eta begien aurrean jarritako egiaren lekukoa hartu beste aukerarik ez nuen izan, baina zer-nolakoa. Hitzik gabe gelditu nintzen hartan, baina gaurkoan txukun antzean eskerrak eman nahi dizkizuet E.F., badaezpada, bihotzetik egindako hitzorduen parekorik ez dago eta.