Boteprontoan

Altxorraren bila

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Garmendia 2021ko abu. 29a, 10:15

Aintzane Garmendiak 2021eko abuztuko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Abuztuaren mokoa gerturatzearekin batera iritsi da batzuen oporraldia eta beste hainbaten lanerako sasoia. Ibilaldiak, otorduak, askotariko ekintzak eta bidaiak egiteko planak lau haizeetara zabaldu dira denbora tarte gutxian. Lan nekeza dugu, nonbait, gure udako antolaketa zirraragarriak ondokoari esan gabe gelditzea; zailegia antza, mugimendurik egin aurretik gure altxorraren mapa isilpean gordetzea.

Egia esan, badugu gizakiok neurri txikiagoan edo handiagoan errutinatik ateratzeko beharra, gure egunerokotasunean aldaketak txertatu eta ipar haizeak ontziko hautsak harrotzeko premia. Baina mudantza egiten den bakoitzean jakinarazi behar al zaie auzoko guztiei? Eta zer gertatzen da inoiz mudantzarik egingo ez duen adiskidearekin? Hark ez ote du, akaso, besteek bezala altxorraz gozatzeko aukerarik?

Ez gaitezen nahastu. Altxorrez inguratuta bizi gara, baina dugunaz ase ezinik. Gure burua marinel ontzat dugun arren, tripulazio osoaren eskubideei eta beharrei jaramonik egin gabe bizi gara, eta urruneko uharteei begira gabiltza noraezean. Geroz eta bortitzagoak dira gure itsasontziak jasandako istripuak, geroz eta gogorragoak gure marinel kideei eginiko erasoak. Errespeta eta babes gaitezen elkar, edozein unetan zure, nire... gure txaluparen abordaia gerta daiteke eta.