Boteprontoan

Emozioz zotinka!

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Garmendia 2021ko mai. 9a, 09:02

Aintzane Garmendiak 2021eko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Lasterketa zoroan gabiltza batean eta bestean, helmuga guztietara iristeko presak eta beharrak ibilbideaz gozatzeko tarte gutxi ematen dizkigun honetan. Noiznahi jartzen gaitu dantzan sakelako telefonoak, buruan tesi bat osatzeko adina galdera eta kezka ditugu, eta ezin burutik kendu inprimagailu barruko iratxoak maiz adarra jotzen diguneko ideia. Lasai, denok izaten ditugu egun txarrak... "Non dauzkat giltzak...? Akabo, giltzak atean jarrita utzi ditut eta!".

Ez dago zalantzarik, arnasa hartu eta inguruaz gozatzeko hartutako tarte horiek dira gehien betetzen gaituztenak: ateratzear den adartxoak egunetik egunera egiten duen aldaketa, haur jaioberriaren lo gozoa, izozkiarekin kokotsa belztu zaionaren gozamena, emanaldi batera joan eta artistak bertaratutakoekin bat egiten duen une zirraragarria, ikasleek beren ibilbidean zehar emandako aurrerapausoek eragindako poza, lagunen arteko begirada konplizeak...

Bizi ditzagun emozioak naturaltasunez, gaziak edo gozoak izan, denek dute-eta irribarre baterako zirrikitua. Guztiak dira geureak, denak bereziak, hitzez deskriba ezin daitezkeen pozaren paradisu fiskalak.