Boteprontoan

Galdu beharra, aurkitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Garmendia 2021ko mar. 2a, 08:06

Aintzane Garmendiak 2021eko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Gaurkoan ere berdin gara, dena azkeneko momentuan nahaspilatu beharra ere... Patxadaz eta erlojuaren orratzen ziztadarik gabe ustez dena atondu ondoren ere, fruiturik ez. Bateko kezka, besteko zalaparta, ezinezkoa da egoera honetan bilatzen nabilen hori ene eskuetara ekartzea.

Etxeko armairu eta txoko guztiak jarri ditut hankaz gora, baina alferrik, ez da inon ageri. Behin eta berriz galdetu diet nire gertukoei ba al duten haren berririk, baina txintik ere ez. Zalantzan jartzen hasia naiz denek bat egin ote duten nire bilaketa zapuzteko, guztiek elkar hartu ote duten nire bidea lausotzeko.

Baina oker nenbilen, ez dut bidean neuk ezarritako zapiez gain bestelakorik atzeman, ez dut soinean koloretsua bezain sendo eta pisutsua den jaka hura beste tapakirik, ezin topatu ene oinetan bigarren solairuraino igo bezain azkar erortzera naramaten zapata lirainak ez diren beste oinetakorik.

Halako batean jabetu naiz urtean behin bakarrik ospatzen ditugula inauteriak eta gainerako egunetan norbere azalaren gainetik ahalik eta betegarri gutxien jartzea komeni dela. Geure burua bilatu ezin badugu, nork aurkituko gaitu?