Boteprontoan

Elkar zipriztin gaitezen!

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Garmendia 2020ko aza. 11a, 08:00
(Engin Akyurt)

Aintzane Garmendiak 2020ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Bagenekien erronka handia izango zela gaurkoa, azken asteetan jo eta su landutako materia, hainbat bider irudikatutako unea, ilusioz eta kezkaz betea. Karpetak txukunduta, koadernoa osatuta, motxila kargatzeko prest.

Errealitaterako jauzia egiteko unea heldu da, izen-abizenen zerrenda hotzak utzi eta begirada goxoz eta ekiteko gogoz elkar agurtzeko unea, elkar ezagutzeko parada. Apurka-apurka joango gara datozen hilabeteetan elkarren izenak mamitzen, hizki soiletatik harago, forma eta kolore propioekin eraikitzen. Larrituko naiz, une batez, okerreko hizkiak erabili edo zure senide zaharragoaren izenez deitzen badizut, eta "hara ba! Nahastu naiz berriro", esanez egunari umorez ekingo diogu. Badakit nik ere zer den senide zaharragoa edukitzea, jakin badakit nire ahizparen tonu bizi zein goxoak asko lagundu didala nire kolorea aurkitu eta osatzen.

Gaurkoan ikastetxeko mahai gainean ditugu denetariko margoak eta eskuan beharrezko pintzelak. Aireztatu ditugu gelak eta orain barruak freskatzea dagokigu, elkar zipriztinduz norbere kolorearen bilaketan, izenetik izanerako bidean.