Mikel Alberdi: "Hitza beti labur geratzen da"

Joxin Iturriotz

Hizkien eskalea kaleratu berri du. Bere lehen liburu honetan egoera soilenetan ematen diren sentipen sakonenak islatu nahi izan ditu.

Mikel Alberdi. 

Idazteaz gain, geure barrura begiratuz erlijioetatik aparteko espiritualtasuna bilatzen du, mundu berria sortzeko.

Liburua auto-edizioa duk. Editorial batekin ez?

Bi arrazoi zeudek. Alde batetik, urte batzuk baditiat. Editorial baten bila joatea, lantegi handia izateaz aparte, norberak harrokeri pixka bat ere bazeukak... Nik ez diat uste ezer demostratu behar dudanik. Denok ezagutzen diagu irizpideak nola ezartzen diren. Bazagok norbait esaten duena "hau publikagarria duk" edo "ez", eta nik ez nian hortik pasatu nahi.

Baina bazagok beste arrazoi bat, sakonagoa. Baduk jendea euskal kultura berri bat egin beharraren alde. Merkatuak produktuak eskaini behar ditik eta pertsonak gaudek begira produktu horiek erosteko. Niri garrantzitsua iruditzen zaidak komunikazioak klabea izan behar duela kultura berri bat eraikitzeko, eta esparru hori gizarteak hartu behar duela. Errebindikazio modu bat duk jendea hasteko komunikatzen, espresatzen, sormena lantzen, esparru hori betetzen merkatutik kanpo. Eta espekulazioaren kontrako jarrerarekin. Produktu bat egin jende artean banatzeko, konpartitzeko, eztabaidatzeko, merkatutik pasatu gabe. Jendea animatu nahi diagu horrelako gauzak egitera. Ideia probokatzailea duk. Mila formatu egon litekek hire ideiak espresatzeko. Merkatuaren eta pertsonaren artean dagoen esparru hori komunikazioz betetzea proposatzen diagu.

Hiru atal egiten dituk liburuan, maitasunaren, hitzaren eta beldurraren atalak. Baina poema guztietan azaltzen dituk hiru arlo horiek. Ez dik ematen atalak hain definituak daudenik.

Beldurraren atalean poema guztiak nahiko beltzak dituk. Beste bi ataletan nahasiago zeudek. Iruditzen zaidak oso zaila dela maitasuna, hitza eta beldurra bereiztea. Nik "maite haut" esatean maitasun horrek beldur pila bat dik...

Guk komunikatzeko hitzak erabiltzen dizkiagu, eta hitz horiek errealitate bat jaso nahi diate, baina hitza beti labur geratzen duk. Errealitatea konplexuagoa duk. Hiru atal aurkeztu dizkiat. Maitasuna izan litekek estetikaren mundua, hitza sinboloen mundua, eta beldurra eromenaren mundua edo beste zerbaitena. Horiek beti batera ematen dituk, eta bata eta bestea bereizten duena oso esparru estua duk. Joko bat egin diat hiru atal berezituz baina, adibidez, Afrikako poemak hiru ataletan zeudek. Afrikan hizkuntza asko, maitasun asko eta beldur asko zeudek, eta zaila duk poema baten bat bereiztea. Horrekin jolastu egin diat, erreferenteak edukitzeko. Azken batean, irakurleak garrantzia ematea nahi izan diat maitasunari, hizkuntzari eta beldurrari.

Poematan heriotzarako joera ikusten diat...

Heriotza estetikoa duk. Heriotza izatearen sinboloa duk. Pentsamenduaren munduan bizitza uztea duk heriotza, iraunkortasunarekin ezerezean bat egitea. Erlijioek, kulturek, filosofoek, izen asko jarri zizkiotek, espiritua, Jainkoa, energia... Hitzek gehiegi finkatzen ditek. Baina heriotza oso bisuala duk, bukaera duk, baina esnatzea ere bai. Bizipenak dituk. Ez duk pentsamenduarekin defini daitekeen ezer. Poesiak apuntatu egiten dik zer edo zer, jakin gabe zer edo zer hori zer den.

Ez dakik bizipen horiek definitzen, baina oso argi daukak bizipen sakonenak egoera soilenetan, biluzienetan, ematen direla, adibidez, desertuan.

Horregatik gustatzen zaidak Afrikara joatea. Ezer ez dagoen lekuan, pertsona engainatzeko distrakzio gutxi dagoen lekuan, ezerez horretan hurbilago hago hire barruko errealitatearekin. Esperientzi mistikoetan ere hala gertatzen duk. Eremitak desertura joaten hituen, nabaritzeko hitzetatik haratago dagoen zerbait hori. Telebista ez duk ona, liburu gehiegi edukitzea ez duk ona...

Leku soiletan, bakartietan, ni hobeto sentitzen nauk. Barne bizipena hobeto sentitzen diat.

Desertuan berrogei egun egin, eta orain predikatzen hasi haiz?

Ni saiatu nauk nire bizipenen argazki batzuk hitzetan jartzen. Baina ez diat ezer predikatu nahi. Poema horietan mezu bat baldin badago, hori duk: "Heu izan hadi, heu izan hadi". Poesiak lagun zezakek bizipen batzuk izaten.

Barka iezadak, baina iruditzen zaidak hire diskurtsoak kutsu mistikoa daukala. Hire poemak definitzeko mistika laikoa esaera erabiliko nikek.

Mistika izango huke transzendentea-rekin lortzen dugun komunikazioa, baina transzendente hori gure barruan zagok. Espiritualtasuna gure barrutik eraiki litekek. Arazoa duk transzendenteari izena jartzen diogunean. Erlijioak sortzen dituk, jainkoak eta egiturak sortzen dituk, eta horiek arriskutsuak dituk. Mistizismo laikoak norbere izatearekin, pentsamendutik kanpo dagoen zerbaitekin, lotzeko aukera errebindikatuko likek.

Transzendentea izatean, gure barnean, kokatzen baldin badugu, eta denok daukagula eta konpartitu dezakegula esaten badugu, konturatuko gaituk denok garela izaki baten parte. Gizatasun horretatik abiatuta mundu berria sor zezakeagu. Gu denok bakanak gaituk, baina aldi berean konturatzen gaituk denok daukagula zerbait elkartzen gaituena. Eta hori izan litekek gizartea beste era batera antolatzeko oso tresna egokia. Baina kanpora begiratu beharrean barrura begiratu behar diagu. Mistika ez duk erlijioaren patrimonioa, gizakiarena baizik.