Gizon langilea

Uztarria

Dohain askoko gizona da Iņaki Bergara *Pio*; apala, egindako lan guztia eginda, oraindik ere ezer egin ez duela dioena.

Iņaki Bergara mutil kozkorretan, liburua eskuetan; sei-zazpi urte izango zituen. 
Ostegun gizena obra antzezten, Antxieta Antzerki Taldearekin. 
Alkartasuna taldearen sorreratik, 30 urte inguruan, atera izan da Bergara danborra jotzen. Argazkian, goiko ilaran ezkerretik aurrena. 
Udal korporazioan mazolari atera izan da urte askoan. Duela bi urte utzi zuen egiteko hori. Argazkia 1999koa da. 

Iņaki Bergara Pio-rena da Uztarria Komunikazio Taldeak 2009ko martxoan abiarazi zuen liburuxka biografikoen bildumako zazpigarren zenbakia. Julian Bereziartua medikuarena izan zen lehena, Leo Etxeberria sindikalista eta euskaltzalearena bigarrena, Valentina Agirre emaginarena hirugarrena, Santi Lazkano txirrindulari ohiarena laugarrena, Amaia Garmendia gitarrista eta animalistarena bosgarrena eta Enkarna Arregi mojarena seigarrena.

Monika Juaristi kazetariak idatzi du biografia eta azaroaren 19an aurkeztuko du Uztarriak. Aurrerapen txiki bat da jarraian irakurri dezakezuena.

Iņaki Bergara Izagirre dohain askoko gizona dugu. Alaia eta umoretsua, mundu guztiaren ahotan irribarre bat markatzen duena. Apala, egindako lan guztia eginda, oraindik ere ezer egin ez duela dioena. Gizon ona, beti ingurukoei laguntzeko prest egon dena. Aita eta senar ona, beti familia zaindu duena. Lagunen laguna, bere lagunak edozeren gainetik zaintzen jakin duena. Ezaugarri guzti horien gainetik, bat markatu dezakegu gehienbat; langilea. Horrela definitzen dute bere inguruko guzti-guztiek.

.13 urterako lanean hasi zen Iņaki, eta 15 urte bakarrik zituela, Legazpira joan zen lanera. Hainbat lantokitan lan asko egin duen arren, azpeitiarrok, batez ere, bere karrera artistikoagatik ezagutzen dugu Bergara.

Pertsonaia pertsonaiaren atzetik

1995ean, Goenkale telesailean Kaxkurrio pertsonaia antzezteko aukera emango zion deia jaso zuen azpeitiar aktoreak. Honek, inoiz ez dio lanari ezezkorik eman, eta orduan ere, baiezko erantzuna eman zuen; bere buruari ere, aukera bat emanez. Horrela eman zituen lehen urratsak telebistaren munduan. Guztira hamar urte egin zituen Kaxkurrioren azalean; 2005. urtera arte, hain zuzen.

2006an, Balbemendi saioan Lukasen lana egiteko aukera eman zioten; eta beste behin, baiezkoa eman zuen azpeitarrak. Beranduago, 2009an, Asier Altuna eta Telmo Esnalek Brinkola-n antzezteko aukera eman zioten. Garai oso onak izan dira hauek Bergararentzat, eta oroitzapen oso onak gordetzen ditu.

Euskolegas-en ere agertu zen Iņaki, baina hau oso paper txikia izan zen, kapitulu batean baino ez baitzen atera.

Pantaila handian ere ikusi izan dugu Iņaki Bergara: Topeka eta Ostertz laburmetraietan egin zuen lan; eta baita Aupa Etxebeste film luzean ere.

Pantaila txikian nahiz handian, ibilbide oparoa du Iņaki Pio-k, baina bere ibilbide artistikoa ez zuen telebistan hasi. 25-30 urte inguru zituenean, Ustegabeko Poza antzerki obra antzeztu zuen, eta proiektu hari jarraipena emanez, Antxieta Antzerki Taldea sortu zuten. Bergara taldearen sorreratik bertako kidea izan zen, eta 22 urte inguru eman zituen talde horretan, eta guztira, hamalau obratan hartu zuen parte.

Antxieta Antzerki Taldea desegin zenean Bergarak, hasiera batean, antzezteari utzi zion; baina beranduago, Lakrikun Antzerki Taldeko partaideek taldean sartzea eskatu zioten; eta honek, eskaera hura onartu zuen. Horrela, taldeko kide bat gehiago izatera pasatu zen. Talde honetan, beste bost urtean aritu zen eta lau obra ezberdinetan antzeztu zuen. Lakrikunen zebilela hasi zen lanean Goenkale telesailean.

Argi dago Iņakik lan asko egin duela aktore ospetsu izan arte. Baina berarentzat "denborapasa" modukoa izan da hau. "Oso gustuko" izan du antzeztea eta horregatik ez du inoiz "lan gogor" moduan ikusi aktore ofizioa.

Gainera, lagun asko egin du mundu horretan eta, beti ere, inguruan "giro paregabea" aurkitu duela dio. Antzerki munduan "giro familiarra" izan dela nagusi dio; bere taldekideek, aldiz, "aita sinboliko modukoa" izan dela. Telebistari dagokionean, "kamerak nolabaiteko errespetua" ematen ziola onartzen duen arren, "jende eta giro mundiala" zegoela dio. Telebistako lankideek berarekin "lan egitea oso erraza" dela diote; "plazera" ematen duela berarekin lan egiteak, "oso gizon maitagarria" dela eta.

Herriarentzat lanean

Azpeitiarrok zerbait benetan bizi badugu, horiek festak dira. Aspalditik, Azpeitiko egutegian festa asko daude markatuta. Iņaki Pio-k festa guztietan hartu izan du parte: Gabonetan, beste hiru lagunekin batera, danborra jotzen ateratzen zen, Errege bezperako kabalgatako lehen ilaran. Sansebastianetan ere, 30 urte inguruan atera da danborra jotzen. Eta hori gutxi balitz, haurren danborradan ere aritu izan da, bai karrozak egiten, baita zaldi-mutil lanetan ere. Karnabalei dagokienean, Kaldererotan urte askoan atera da Iņaki; eta Astelehen Karnabala ere inork ez bezala bizi izan du. Amaitzeko, Saninazioetako korporazioan ere urte askoan ikusi izan dugu Pio, mazolari modura.

Azpeitiko Musika Bandarekin ere atera izan da. Baten bat behar zutenean, Bergarari deitzen zioten bonboa edota txapak jotzeko. Lagunekin batera txaranga bat ere osatu zuen bere garaian. Karnabaletan edo herriko gainontzeko festetan kalejiran ateratzen ziren, kaleetan zehar festa giroa jarriz.

Zezenketak ere antolatu izan zituzten garai batean. Zekorketak antolatzen zituzten; korriden berdinak baina zezena hil gabe. Bertan, banderilero lanak egiten zituen Iņakik. Lan asko egin du Iņaki Pio-k herriarentzat. Oso gizon langilea eta aktiboa izan da beti, eta herriko ekitaldi ezberdin askotan hartu du parte azpeitiarrak. Parte-hartze horren errekonozimendua egin diote behin baino gehiagotan. 2007an, esaterako, danborradan urte gehien zeramatzalako omenaldia egin zioten. Bandera jaitsi zuen urte horretan. 2003an, Ohorezko Kofrade izendatu zuten Ardozaleak elkartekoek. Urte askoan atera baita Kaldereroekin batera.

Lanaren errekonozimendua

Bizitza guztian zehar egindako lan guztiaren ordainetan, aurten, azaroaren 19an, Udalak Antzerki Topaketen barruan eman ohi den Txalo Saria emango dio, Iņaki Bergara azpeitiar aktoreari.

Azpeitiko antzerki amateurrean 25 urtez aritu da aktore lanetan eta guztira hamazazpi obra inguru antzeztu ditu Antxieta Antzerki Taldearekin eta Lakrikun Antzerki Taldearekin. Azpeitiko antzerkigintzako pieza esanguratsuenetariko bat dugu aktorea; eta egindako lan guztiagatik ondo merezia du Iņaki Bergara Pio-k sari hau. Zorionak Iņaki!