Amets gorria

Ainitze Agirrezabala

Duela 27 urte, lehen Kontxako Bandera irabazi zuen Zumaiako Telmo Deunek. Tripulazio hartan azpeitiar baserritar ugari zeuden.

Denboraldia bukatu ondoren egin zieten arraunlariei ongietorria Azpeitian. Argazkian, arraunlariak denboraldian lortutako banderekin.  (Pepe Gil)
Telmo Deun ontziko mutilak arraunari gogor eragiten, 1984. urtean.  (Uzkudun)

1984ko irailaren 9a egun historikoa da Zumaian. Aurrenekoz, Kontxako Bandera irabazi zuen Telmo Deunek, erabateko nagusitasunez. Donostiakoa, ordea, ez zen bat gehiago izan. Denboraldi hartan, jokatutako bandera guztiak irabazi zituzten arraunlariek. Ontzi hartako mutilak heroi bihurtu ziren jarraitzaileentzat, garaipen hark Zumaia arraunaren historian sartu zuelako.

Geroztik, talde haren ezaugarriez asko hitz egin da. Javier Lauzirika 'Estrobo'-k garai hartan lanbide zuen estropadak jarraitzea, eta Baleike aldizkarian adierazi zuenez, "tripulazio hura gaindiezina izan zen; ez zuen parekorik. Denetik zeukan: kalitatea nahi beste, eta indarra, oraindik eta gehiago". Izan ere, koadrila hartan lehorreko jendea ere bazen, tartean Azpeitiko, Urrestillako, Matxinbentako eta Errezilgo baserritarrak. Iraganean atzera egin, eta duela 27 urte lortutako garaipen hura gogoratu asmoz, Telmo Deun ontzian arraun egin zuten hamar gizon elkartu ditu Uztarriak: Joxe Antonio Uzkudun, Julian Ibarzabal Baioleitxo, Patxi eta Martin Etxeberria anaiak, Plaxido Aranburu, Antonio Arrizabalaga, Edu Aristi, Joakin Eizagirre, Jexux Orbegozo Barrenetxe eta Joxe Manuel Ezama Ibartzabal (Joxe Luis Ezama zenaren anaia).

Bainuontzitik itsasora

Gehienek, denek ez esatearren, igerian ez dakitela aitortu dute; ez lehen eta ez orain. Ezamaren esanetan, "ordura arte urik handiena baineran ezagutu" zuen, eta hurrena itsasoan. "Nire txalupa jiratu izan balitz, aizkorarena, goitik behera azkar". Orbegozok kontatu duenez, Tomas Aizpuru zumaiarrak "sekulako lata" ematen zion, arraunean hasteko eta hasteko. "Nik, ordea, igerian ez nekiela esaten nion, baina hala zioen hark: Igerian? Erortzen bahaiz aterako haute! Hik tira! Igerian ez dakienak etorri behar dik arraunera; igerian dakienak ez dik egiten arraunean". "Ur handitan, zerumuga baino harantzago, igerian jakin gabe joan egin behar zen gero!", bota du Patxi Etxeberriak.

Bizitzan beldurrik handienak arraunean, itsasoan barrura joaten zirenean, pasatu zituztela diote. "Gorri zenarekin Zumaiatik kasakristora irten genuen —hasi da kontatzen Ezama—, eta enbata sartu zuen. Ia Marokoraino ailegatu ginen, eta gero bilatu ezin, non geunden arrastorik atera ezin. Hasi ginen zeharka-zeharka, baina Zumaian sartu ezin. Egun hartan, gainera, entrenatzailea, Luxia, ez zen etorri motordun txalupan. Nik arraunari gogotik eusten nion. Hura ez zitzaidan libratuko, ezta...!". Orbegozok ere ez du ahazten egun hura: "Nik pentsatu nuen, ba, oraintxe akabatzen gaituk!. Beldurgarrizko olatuak bi aldeetara, Zumaiako portuan sartu ezin eta trabeska-trabeska Getarian irten genuen, 22:30ean, ezer ikusten ez zela. Itsasotik errepidean poliziaren argi gorriak-eta ikusten genituen, denak gure zain. Ailegatutakoan Luxiak erretolika ederra bota zigun".

"Tonto-tonto eskapada batzuk egindakoak gara", adierazi du Arrizabalagak. "1981ean, morruaren sarreran eskapada serioa egin genuen. Olatuak hartu gintuen, pixka bat txalupa jiratu zigun eta paretaren kontra joan ginen zuzenean. Mutiletako bati arrauna katigatu zitzaion eta uretara bota zuen. Patroiak uretara salto egin eta atera zuen". Espigoia egin aurretik Zumaiak "sarrera txarra" zuela adierazi du Aristi patroi ohiak. "Lehen, sarri-sarri joaten ginen Getariara entrenatzera, han sartu-irten hobea baitzegoen".

Sekretua: taldea

Jokatu zituzten estropada guztiak irabazteko eta Kontxa lortzeko, bazen oinarri bat: taldea. Luxiak arraunlariak entrenatzeko ardura hartu zuenean, horixe eskatu zien, taldea izan behar zutela, batera ibiltzeko, lagunak izateko. Taldearen barruan taldetxoak ikusten bazituen, arrauna uzten aurrena bera izango zela. Arraunlari guztiek diotenez, duela 27 urteko arraunlari multzo hartan ez zuten arazorik. "Lagunarte eta giro ederra genuen elkarren artean eta oraindik ere eusten diogu. Urtean hiru bat aldiz elkartzen gara bazkaltzeko, emazte eta seme-alabekin. Gure artean ez zegoen sekula haserrerik". Lortutako emaitza onek lagunduko zuten horretan.

Jatun eta adarjotzaile onak

"Los zumaiarras comen como reman" (Zumaiarrek arraunean egin adina jaten dute), horixe izan zen 1984. urtean El Diario Vasco egunkariko izenburuetako bat. "Zumaiako Etxe Ona jatetxean zenbat bazkari eta afari egindakoak ote gara. Ezkontza batean bezala jaten genuen", adierazi du Arrizabalagak. Orbegozoren esanetan, "Bartzelona eta Real Madril futbol-taldeetako jokalariak bezala zaintzen gintuzten. Oso ondo, hobeto ezin. Kategoriako otorduak egiten genituen, hutsaren truke".

Estropadetan hainbesteko esfortzua eginda, mutil haiek asetzen lanak izaten ziren. "Etxe Onako erakusmahaian postre aukera zabala egoten zen, azkenburuan jateko zer zegoen bezeroek jakin zezaten. Estropada jokatuta eramaten genuen gosearekin, aurreneko platera atera arte zain egon ezin, eta erakusmahaitik pastelak hartu, mahaiaren erdira atera eta postrea janez hasten ginen. Gero, zizka-mizkak ateratzen zizikiguten. Batere kubiertorik gabe, eskuekin, a zer nolako abiada eramaten zuen urdaiazpikoaren platerak. Han ez zegoen lo geratzerik!".

Estropaden ostean ez ezik, entrenamendu saioak bukatu eta gero ere Zumaiako elkarteren batean, koadrilan, afariak egiteko ohiturarik ez zitzaien falta. "Astero, zazpikotea elkartzen ginen afaltzeko —hasi da kontatzen Arrizabalaga—. Los siete magnificos esaten ziguten, eta zazpi lagun, zazpi kilo saiheski jaten genuen. Buruko kiloa". "Jan, genuen sasoia eta gosearekin, baita ardi-zaharra ere!", gaineratu du Patxi Etxeberriak. Hango "gauzarik ederrena lagunartea" zela dio Orbegozok: "Afari ederrak egiten genituen, bai, elkarrekin. Koadrilan bagenuen sukaldari bat, Txatarro, eta untxi-jana egin behar genuela eta, untxien lekuan katuak preparatu zizkigun. Guk ezta antzeman ere, esan zigun arte. Nik lehenengo katua hantxe jan nuen".

Giro ona soberan, koadrila hartan jaten ez ezik adarra jotzen eta bromak egiten ere abilak ziren. Ezamak kontatzen duenez, "ostegunetan sprint berezi bat" izaten zen. "Batzuek neskarengana joan behar izaten zuten, eta entrenamendu saioan beste erritmo klase bat ateratzen zuten, andregaiarekin ordua jarrita izaten baitzuten. Saioa bukatuta dutxan sartzen zirenean, oinetakoetako lokarriak eta jertseetako mangak korapiloz betetzen genizkien presa zutenei".

"Beste anekdota bat badut nik", bota du Orbegozok. "Koadrilan afaldu eta Idoia tabernara —txalupak uretara jaisteko arranplaren aurrean zegoen— joan ohi ginen, trago bat hartzera. Beti han egoten zen gizon egoskor batek jardun ederra edukitzen zuen: Zuek ez daukazue indarrik!, esaten zigun. Egon hadi isilik, bestela arranplan aparkatuta duan txalupa uretara botako diagu-eta. Hori botatzeko hiru bat lagun nahikoak gaituk, e!, esan nion batean. Zuek niri txalupa uretara bota?, erantzun hark. Bapo afalduta, txalupari heldu eta uretara bota genion. Haserre bizian jarriko zela pentsatzen nuen, baina hura gustura. Harrezkero, gehiago ez zigun esan indarrik ez genuenik".

Kontxa, egun handia

Arraunaren diziplina gogorrari erantzuteko, "entrenamendu saio latzak egitea beharrezkoa" zutela adierazi du Orbegozok: "Santotomasetan entrenatzen hasi, eta Pilariketan bukatzen genuen arraunaren denboraldia. Amor propio handia behar da. Tailerrean hamar ordu sartu, etxean ukuiluan ganadu jirak egin eta egunero hara. Etxera ailegatzerako 23:00ak paseak izaten ziren".

Botatako izerdiek eta pasatutako sufrimendu guztiek, ordea, eman zuten beraien fruitua. Ez zen ezustea izan Kontxa irabaztea. Lehen igandean sekulako aldea lortu zutelako, eta denboraldi osoan nagusi izan zirelako. Estrobo arraun adituaren esanetan, "talde hark etsita zeuzkan beste aurkari guztiak. Orio zuen aurkari nagusia, baina ezin izan zuen zumaiarrekin. Talde gorriak konplexuz bete zituen gainontzeko guztiak, ezin ziotelako irabazi. Gogoan daukat urte hartan zein izaten zen estropadetan jokoa ematen zuena, zein izango zen bigarren. Zumaiak irabaziko zuela jakinekoa zelako".

Kontxa irabazi zuteneko eguna "sekula ez dutela ahaztuko" diote arraunlariek. "Bizitzako egun handienetakoa da; oso berezia izan zen. Herri osoa kalera atera zen harrera egitera".