Langilea, laguna

Eneritz Albizu

Euskal astoa berreskuratzeko sortu zuten Giasel elkartea eta hango kide da Joxemai Lopetegi. Hamar asto ditu baserri inguruak garbitzeko.

Joxemai Lopetegi astoei jaten ematen, Loiolako Agerre baserrian. 

Hizkuntza bat ez omen da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. Hau honela ondorioztatu dezakegu, euskaldunok euskaraz hitz egiten jarraituz gero, bere etorkizuna bermatua dagoela.

Gauza bera gertatzen da euskal astoekin. Egun gero eta urriagoak dira, teknologia berriek baserritarren bizitza osoko laguntzaileak ordezkatu baitituzte. Baina, orain arte astoekiko fideltasuna erakutsi duten baserritarrek eurekin jarraitzen badute? Badirudi honela, astoen etorkizuna itxaropentsuagoa dela.

Euskaldunek ez dute euskal astoaren arrazaren amaiera ikusteko asmorik, eta hala, Gipuzkoako zenbait baserritarrek Giasel elkartea osatu zuten duela 10 urte, astoak jabeari erakusten dion fideltasuna, jabeek abereei erakutsi asmoz. Gipuzkoa osoko hainbat herritakoak dira Giaseleko kideak eta guztien artean 150 asto dituzte.

Elkarte honen helburua, hasiera batean, Foru Aldundiak diru laguntza batzuk eskaini zitzan asto zale talde bat osatzea bazen ere, gaur egun arraza hau mantentzeaz gain, babestea eta zabaltzea dute jomuga.

Honetaz gain, Gipuzkoan beren astoak kalifikatzeko zentro bat ezartzea ere lortu dute. Euskal astoak kalifikatu egiten dira hiru urte betetzean eta beren arrazaren izaera aitortzen zaie: oraingoz berrogeita hamar eme daude kalifikatuta eta sei ar.

Orain arte, gipuzkoar baserritarrek Bizkaiaraino joan beharra zuten euren abereekin beharrizan hori egitera; baina gaur egun Gipuzkoan, Lazkaon, dute honetarako gunea. Duela urtebetetik, Giasel elkarteko kide da Joxemai Lopetegi, eta Loiola auzoan duen Agerre baserrian hamar asto ditu: bi kume eta zortzi gazte. Haren esanetan, "lan handia zen asto guztiak hartu eta Bizkaiaraino joatea. Orain, berriz, ia ez da ahalegin handia".

Euskal astoa, asto berezia

Lopetegiren esanetan, astoenganako zaletasuna ez da txiki-txikitatik duen grina. "Duela hamar bat urte, basoak garbitzeko erosi nituen asto batzuk. Ez ziren euskal astoak, ordea. Geroago azoka batean euskal arrazakoak ikustean, argi nuen arraza hura zela nahi nuena". Pentsatu eta egin, kostatu bazitzaion ere, Bizkaian euskal astoak erostea lortu zuen: "Etxean izan bezain laster ohartu nintzen asto haiek bereziak zirela". Hala, laguntzaren batzuk jaso asmoz, Giasel elkarteko zuzendariarekin kontaktuan jarri zen: "Horrela hasi zen dena, eta orain bai, orain astozale amorratua naiz".

Baina, zergatik dira desberdinak euskal astoak? Zer izan dezakete beste astoek ez dutenik? Lopetegik argi du euskal astoak ez daudela gainerako astoekin alderatzerik, "ez fisikoki, ez nortasun aldetik" ere: "Asto hauek besteak baino txikiagoak badira ere, gogorragoak, biziagoak eta otzanagoak dira". Gainera, euskal astoek geldotik ezertxo ere ez dutela dio: "Ikusi beharra dago larrean egiten dituzten lasterketak, ez dira geldirik egoten; ikusten nautenean, berriz, bizkor asko etortzen dira nigana. Edozein lekutara jarraituko nindukete".

Baserritarrak oso argi du teknologia berriak astoen menpe zeuden eremuak apurka-apurka betetzen ari badira ere, ez dagoela bere astoek egiten duten lana hobeto egiten duen makina edo tresnarik. "Sinesgaitza da nola garbitzen dituzten basoak. Astoek guk uste baino baserri gehiagotan burutzen dituzte lan asko, eta haien eragingarritasuna eta txukuntasuna ikusirik, gero eta jende gehiagok du uste on osoa haiengan".

Arraroa badirudi ere, astoek lan asko egin eta ez dute ia lanik ematen: "Tarteka jatekoa eman eta ongi dauden jakiteko begiratu bat botatzea besterik ez dute behar. Niretzat lan erraza da, etxe ondoan baititut", gaineratu du.

"Langile onak, gogorrak"

Zein asto erosi zalantza duten baserritarrei euskal astoen alde apustua egitea gomendatuko liekela dio: "Ez nuke bi aldiz pentsatuko; ez dute arazorik ematen, langile onak eta gogorrak dira, portaera bikaina dute. Dudarik gabe, ez lirateke damutuko".

Euskarazko entziklopedia laburrean asto hitza bilatu eta hala dio: "Zama aberea, zaldiaren antzekoa baina txikiagoa, belarri-luzea eta larru-latza". Halere, argi dago astoa laguntzaile dutenentzat zehaztapen hori motz gelditzen dela eta esanahia falta zaiola. Egunero astoak elikatu, zaindu, horiekin lan egin eta larrean zein basoan saltoka ikusten dituzten pertsonek ez dituzte modu horretara ikusten astoak; beraientzat, pertsonak bezalaxe, asto guztiak ezberdinak dira, baina guztiak langileak eta fidelak.

Hau honela, badirudi astoak miresten dituzten bakarrak ez direla abere berezi hauen jabe diren baserritarrak bakarrik: Loiola ingurutik ibilalditxoa egiten duen jende asko gelditzen da astoei erreparatu eta eurekin argazkiak ateratzeko asmoz. Hauetako askok ikusmin handiz begiratzen omen dituzte gure protagonistak, baina beti aurpegi onez: bistan da abere zintzo eta leialak direla.