Unai Iparragirre: "Orain ziklismoa gaizki ikusita dago"

Mailo Oiarzabal

Afizionatu mailan bosgarren denboraldia beteko du aurten. Ilusioz ekin dio erronkari, inguruko zenbait kontuk etsipen puntu bat sortu arren.

  ( )

Errepideko denboraldiaren hastapenetan, Essor Basque-ren lehen etapan hamargarren egin ondoren egon da Uztarriarekin Unai Iparragirre Txipa. Taldekide duen Ander Garmendiarekin batera, bera da azpeitiar ordezkaritza afizionatuen pelotoian. Garaipenak eta merituko postuak ez ditu falta palmaresean, baina profesional izatearen ametsa garesti dago.

Denboraldiko helburuak zehaztuta al dituzu ja?

Gutxi gorabehera bai. Taldean banatu egin gara, bakoitza indartsu noiz egon daitekeen kontuan hartuta. Niri hasiera honetan nahiko fuerte egotea tokatu zait, neguan pistan ibili naizelako. Gero Nafarroako Itzulirako, uda aldera, tokatuko zait denboraldiko sasoi-aldirik onena edo.

Pista egitea ohikoa al da zuretzat neguan?

Orain dela bi urte hasi nintzen. Taldean esan zidaten neguan zerbait egitea komeni zitzaidala. Hemengo entrenatzaile batek, Joxe Mari Garmendiak, animatu ninduen. Gauzak oso ondo joan zaizkit gainera, eta orain urtero egiten dut. Joan den urtean Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketetan izan nintzen, brontzezko domina bat irabazi nuen Espainiako Txapelketan, eta gustura.

Bidelan Kirolgi taldean jarraituko duzu. Gustura?

Aurten hirugarren denboraldia beteko dut Bidelanen. Aurreneko bi urteak Belca taldean egin nituen, baina urtero korritu nuen lasterketaren bat Bidelanekin, utzita. Beti babestu izan naute, lagundu behar didatenean asko laguntzen didate, eta pozik nabil. Txirrindulari gehienak euskaldunak gara; Kantabriako bat eta Valladolideko beste bat ditugu aurten, baina gainontzeko guztiak bertakoak gara.

Profesionaletarako aukerarik izan al duzu?

Kontu zaila da. Azkeneko bi urteak behintzat onak egin ditut, beti hor. Talderen batzuekin ibili naiz harremanetan, baina oraindik... Jende asko gabiltz eta gutxi pasatzen dira, zaila da gora igotzea.

Orain dela urte batzuk baino zailagoa al dago jauzia ematearena?

Horrenbeste gabiltz hor aurrean... Nire ustez urtetik urtera jende gutxiago pasatzen dute, eta gero eta gazteagoak, gainera. Orduan, ez dakit, gu igoal tartean gelditzen gara, ezta?

**Beldurra, linbo horretan geratzeko?**

Bai. Gainera, askok esaten didate emaitza aldetik-eta nik erakutsi dudala, aukera bat emateko adina, baina... Gero, Euskal Herrian, igoeretarako jendea nahi izaten dute. Ikuskizuna eskalatzaileek ematen dutela diote. Esprinterroi edo ordekan ondo ibiltzen garenoi gehiago kostatzen zaigu hemen nabarmentzea.

Kanpo aldean gehiago baloratzen dira horrelako txirrindulariak, ezta?

Bai, Holandan, Belgikan-eta gehiago lantzen dituzte klasikoak eta; han egiten dira garrantzitsuenak, eta txirrindulari garrantzitsuenak ere hortik ateratzen dira. Diru gehiago ere kanpoan dago.

Krisia nola ari da eragiten txirrindularintzan?

Krisia asko ari da eragiten, alde guztietatik. Babesleak gero eta gutxiago daude, eta taldeak ateratzeko arazoak daude, eta gero eta gehiago eskatzen dute. Adibidez Jon Odriozolak, orain gure taldeko zuzendari jarri denak, Gipuzkoa mailan profesional mailako taldea atera nahi du, eta enpresa edo babesle baten bila dabil, ea zein arriskatzen den. Baina oso zaila dela esaten dute.

Kirol mailari dagokionez, nola ikusten duzu Euskal Herriko afizionatuen pelotoia? Gora igotzeko moduko txirrindularirik ba al dago?

Mailarik altuena hemen dagoela esango nuke, Espainiari dagokionez behintzat. Kanpoko jendea ere Euskal Herrira datoz, hemendik gora egiteko; zaletasun handia dago, eta lasterketa onak. Profesionaletara pasatu berriak direnak ere, Izagirre anaiak adibidez, nabarmentzen ari dira goian. Nik uste dut hemen maila ona dagoela. Baina, hori, lagundu egin behar, guri ere.

Profesionaletan ibili, talderik gabe geratu eta berriro afizionatuetan hasten direnak ere badaude. Nola ikusten duzu hori?

Nik hor bi motatako kasuak ikusten ditut. Goian urtebete egin baduzu eta talderik gabe gelditu bazara, gaztea bazara, ondo ikusten dut berriro afizionatuetan aukera ematea. Baina badaude beste batzuk profesionaletan urteetan jardun, nahiko diru-edo irabazi, ja erretzen hasita daudenak, eta errekalififikatzen direnak. Hori ja... Ez dakit, lanerako gogorik ez edukitzea ere ez ote den...

Gazteei bidea ixteko modua, agian?

Bai, askok bai. Orain Euskal Herrian jarri nahi dute araua, torneoetan 28 urte artekoek parte hartzea, eta hortik aurrerakoei debekatzea. Alde batetik, ondo ikusten dut. Baina, bestetik, gero eta txirrindulari gutxiago gaudela esaten dute, eta gainera mugak jartzen ari dira... ez dakit. Denen artean erabaki beharreko gauzak direla uste dut.

Txirrindularitzak gero eta tiradizio gutxiago al dauka gaztetxoen artean?

Bai, datuei begiratu besterik ez dago. Adibidez, Azkoitiko Elortza Peņan ume pila bat izaten ziren. Pelotoian ere, Gipuzkoan, 200 bat izaten ziren; eta orain ehunera ailegatu ezinda ibiltzen dira. Prentsak ere asko eragiten du. Orain ziklismoa gaizki ikusita dago.

Ezin pasatu dopinaz galdetu gabe. Barrutik, nola ikusten dira kontu horiek?

Irteten diren berri denak kalterako dira. Bakarren batek positibo ematen badu, eta begiratu Contadorren kasua, ia urtebete luzatzen da kontua. Prentsa dirua egiten ari dela iruditzen zait niri. Gero UCI dago [ nazioarteko federazioa ], erabakiak inorekin kontsultatu gabe hartzen dituena. Gauzak ez dituzte ondo eramaten, eta kontua oso gaizki dago.

Txirrindularitzaren mundua ez al da ari bere buruari harrika?

Bueno, ez dakit. Batek positibo ematen badu, denak haren kontra jartzen gara. Esaldi bat bada, ezta: makarroiekin eta espaguetiekin bakarrik egin al daiteke Tourra? Positibo izan ala ez, hor muga batzuk daude. Azkenean, gorputza zerbait bajatzen bazaizu, errekuperatzeko zeozer hartzen da. Muga horien barruan bazabiltz, ondo dago; hortik pasatzen dena da positibo. Orduan, makarroiekin bakarrik ez, baina legezko produktuekin bai. Hartuko dutela? Ba bai, azaldu egiten dira eta. Baina nik uste dut sekula baino garbiago dagoela txirrindularitza. Azaltzen den bakoitza, ordea, gero eta gehiago zabaltzen da.

Baina Tourra irabazten duen ia bakoitzak positibo ematen du orain...

Bila joaten direlako, batik bat. Tourra irabazten duenak, edo lider dijoan batek, egunero pasatzen ditu kontrolak. Orduan, haren bila dijoaz. Azken finean beraiek ateratzen dira galtzen, baina...

Prentsa txar hori, positiboak... Jendea zuen kirolera animatzeko biderik onena ez dira ba izango.

Alde batetik, umeak errepidera atera beharra, gero eta trafiko gehiagorekin. Eta, gainetik, telebistan beste konturik ez badute ikusten... Hori bultzatzeko beste bide batzuk bilatu behar dira.

Eta zaletuen aldetik, beherakadarik somatu al duzue?

Ez, alde horretatik ez. Nire ustez, Euskal Herrian dago afiziorik onena, eta edozein mendate pasatzen baduzu, beteta egoten da. Gure mailan jendea joaten da ikustera. Jubeniletan-eta ja, guraso jendea-eta da batik bat ikustera joaten dena.

Zer dauka hain ederra txirrindularitzak? Zer eman dizu zuri?

Elkarren arteko pike hori, eta norbere burua gainditzea, batik bat. Txirrindularitza superazio bat da. Garbi ibiliz gero, gainera, jendeak ere asko estimatzen zaitu. Ni behintzat asko betetzen nau egiten ari naizenak, eta beti hobetzeko gogoarekin.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Neure zalantzak baditut. Gurea jakina da, profesionaletara pasatzea ala ez pasatzea. Iaz utzi edo ez ibili nintzen, baina aurten behintzat bizikletara dedikatuko naiz. Gauzak ondo badijoaz nik jarraitu egingo dut. Gustura nabil, eta pistarako aukera ere hor daukat, oso polita, Espainiako selekzioan sartuta-eta zerbait egiteko. Bitartean, errepideko denboraldirako ilusioz. Gogoarekin, behintzat, eta hori horrela den bitartean, segitu egingo dugu.