Miren Odriozola: "Frogarik ez daukate, ez dagoelako"

Mailo Oiarzabal

Uztailaren 15ean hasiko da 'Udalbiltza auzia'-ren epaiketa. Azpeitiko zinegotzi ohiak hamar urteko kartzela eskaerari egingo dio aurre.

Miren Odriozola. 

zazpi urte eta erdiko itxaronaldi luzea eta gero, datozen hilabeteetan erabakiko da Udalbiltza auzia, Espainiako Auzitegi Nazionalean. 22 auzipetuk jakingo dute kartzelara joango diren ala ez, 1999an Euskal Herri osoko hainbat udal hautetsiren ekimenez sortutako erakundean egindako lanarengatik. Miren Odriozola da horietako bat. “Loteria bat bezala” ikusten du balizko epaia. Udalbiltzan eginikoaz harro dago. Kontzientzia lasai.



Epaiketaren bezperetara ailegatuta, zazpi urte eta gero. Kontua hainbeste luzatzea espero al zenuten?

Ba ez. Baina, bestaldetik begiratuta, Egunkaria, Egin eta horiek denak zazpi bat urte luzatu zirela, harritu, ez gaitu harritu. Apirilean bete ziren zazpi urte operazio poliziala egin zutela, Garzonen aginduz. Zazpi urte pasa.

Horrelako egoera batean zazpi urte... Nolakoa da egunerokoa?

Bueno, egunak eta egunak egoten dira. Orokorrean, egunean egunekoa bizitzea da, eta ezin duzu luzerako planik egin. Azken hiru urteetan behintzat, niri gertatu zait, nola beti zain geunden: uda aurretik hasiko da, ondoren hasiko da, udaberrian hasiko da... Beti horrela, zurrumurruak zeuden... Lehengo urtean esan ere egin ziguten, uda aurretik hasiko zela, eta ez zen hasi; gero esan ziguten abenduan hasiko zela, eta oraingoan sinesteko gainera, segurua zela. Baina ez zuten hasi. Orduan zaude, ba... Planik ezin duzu egin. Esate baterako, iaz ekaina arte erabaki gabe egon nintzen oporretara nora joan. Ekainean esan zidan gure abokatuak uda ondorena arte behintzat ez zela hasiko epaiketa, eta orduan azkeneko momentuan hartzen dituzu erabakiak. Orduan, beti bizi zara horren baitan. Askotan ahaztu ere egiten duzu, ez duzu nahi akordatzerik eta; hor dago hori, baina bizitza normala egiten duzu. Baina beti hor dago hori, hor dago. Planak-eta egiteko, ezertarako aukerarik ez dizu ematen. Nola ez dakizun zer gertatuko den...

Auzipetuta zaudeten aldetik, betebeharren bat-edo ba al duzue?

Batzuek bai. Operazio polizial hartan atxilotuta kartzelara eraman zituztenak zortzi ziren, eta ondoren deklaratzera joan eta barrura sartu zituzten beste hiru lagun. Batzuk urtebete egin zuten barruan, beste batzuk gutxiago, beste batzuk gehiago... Horiek bai, horietako batzuk hamabostean behin joan behar izan dute poliziarengana sinatzera, beste batzuek astero. Eta, noski, horrek dakarren zama, astero-astero edo hamabostero hor egon behar zara, ezin duzu inora irten. Horrela hamaika kide egon dira. Gainontzekook ez dugu era horretako arazorik eduki.

Atzerrira joaterik izan al duzue?

Bai. Ni lehengo urtean izan nintzen atzerrian eta ez dut batere arazorik eduki. Baina beste horiek ez [ atxilotuta egon zirenak ], horiek Garzoni eskatu behar zioten baimena hemendik kanpora atera behar bazuten. Eta batzuetan baietza eman diete, eta beste batzuetan ezetza; batzuei eman diete eta besteei ez, momentuaren arabera. Oraintxe bertan, pertsona bati edo biri oporretara kanpora joan behar dutela eta eman egin diete baimena. Gainontzekook ez dugu eduki horrelako arazorik.

Azken asteotan, epaiketaren datak ezagutu ondoren, babes taldeak sortu dira, zeuek ere agerraldiak egin dituzue... Jendearen gertutasuna gehiago somatu al duzu orain?

Orain dela zazpi urte eta erdi gertatu zena gertatu zenean, jende askok babesa eman zigun. Eragile guztiekin bilerak egin genituen, manifestazio nazional handi bat egin zen Bilbon... babes asko eduki genuen. Gero hori hor egon da. Orain, epaiketaren data jarri dutenean, jendea asko ari da laguntzen. Herri askotan sortu dira babes-taldeak, ostiralero elkarretaratzeak egin dira hiriburu ezberdinetan, eta ostiral bakoitzean eragile ezberdinek eman digute babesa: kirolariek, politikoek, legebiltzarkideek, bertsolariek eta idazleek. Eta, gero, nazioarteko jendeak ere bai; manifestu bat dabil, atxikimenduak biltzen. Aurretik, iaz, bi mila sinadura baino gehiago bildu genituen, hemengo alkate eta zinegotzienak, eta Europako Parlamentura eta Eskubideen Batzordera eraman ziren. Nahiko babes handia jasotzen ari gara, gu nahiko gustura gaude. Babesa, gainera, hemengo alderdi politiko, sindikatu eta eragile gehienen aldetik jaso dugu, PP eta PSOErena izan ezik; alderdi batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago, baina behintzat babesa eman digute. Euskal Legebiltzarrean ere mozio bat aurkeztu zen eta onartu egin zuten, alderdi abertzale guztiek onartu zuten hori. Orain, herrietako udaletan ari dira aurkezten mozioak eta Azpeitian behintzat aho batez onartu zen. Lehengoan kontzentrazioan ere jende dezente izan zen eta, bai, nahiko gustura. Babes handia ari da ematen jendea, parte hartzen ari da jendea, eta moral aldetik horrek asko laguntzen du.

Azpeitian, kale mailan, tokatu al zaizu jendea hau dena ahaztuta zegoenaren ustearekin topatzea? Jendeak zure egoeraren berri ba al dauka?

Ez, jendea harrituta geratzen da. Jende askok orain dela zazpi urte izan zuen honen berri, baina gero ja ahaztu egin da eta artxibatuta zegoela pentsatu ere bai askok. Batek baino esan ere bai, bueno, hori ja itxita egongo da, ezta? Epaiketarik ez dute egingo, ezta?. Baina ez, ez, hori egin, egingo da. Jendea harrituta, eta haserretuta ere bai, nola litekeen herriak aukeratutako pertsona batzuk, lan publikoa eta politikoa egin dugunok, nola litekeen inputatu, epaiketa bat egin, hamar-hamabost kartzela urte eskatu... Jende guztia ez zen enteratuko, jende guztiak ere ez nau-eta ezagutzen, baina jende askok bai, eta dezenteko babesa sentitu dut.

Udalbiltzaren ia paralelo joan da denboran Egunkaria auzia. Auzi horren emaitza ikusita, itxaropen gehiago duzue, gutxiago...?

Egunkaria-koak absolbituta edo libre atera zirenean poz handia hartu genuen. Alde batetik, inongo deliturik ez zutelako egin; eta, bestetik, epaile bera daukagu, eta horrek beti ematen dizu itxaropena. Baina beste aldetik oinak lurrean eduki behar dituzu eta ezin da esan gauza berdina gertatuko denik. Linea berdina jarraitzen baldin badu absoluzioa eman beharra dauka, Egunkaria-ren kasuan bezala gurean ere frogarik ez daukate; ez daukate, ez dagoelako, ez delako frogarik existitzen. Baina ez dakigu, ezin dugu esan hori horrela izango denik. Erabakiak politikoak direnez, momentuan komeni zaien erabaki politikoa hartzen da. Egunkaria-rekiko antzekotasunak badaude, baina ezberdintasunak ere bai. Ezberdintasunen artean, adibidez, Egunkaria auzia-n fiskalak kartzela eskaerak atzera bota zituen, eta gureak ez ditu atzera bota. Bestetik, guk 120 bat lekuko aurkeztu genituen epaiketarako, eta horietatik 20 bakarrik onartu dizkigute, pentsa. Lekukoen artean Euskal Herriko pertsonak zeuden, eta nazioartekoak ere bai, Udalbiltzak harremana eduki duelako nazioartearekin. Hor bazegoen jendea, gu asko ezagutzen gaituena, gurekin harremanetan egon dena eta gurekin lanean jardun duena, eta horietako inor ez digute onartu, nazioarteko inor ez. Eta, hemengoak ere, mordo bat atzera bota dituzte. Gero bageneuzkan baita bi peritajeko froga ere, gure alde, demostratzeko, bat, Udalbiltza nondik datorren, Euskal Herrian udalek izan duten garrantzia eta tradizioa azalduz: 1932an udaletako alkateek sinatu zuten hemengo Estatutua, Lizarra-Garazin ere alkateak ibili ziren, eta Udalbiltzaren sorreran ere bai; Bastida Azpeitiko alkatea zen eta horko bileretan ibili zen, Udalbiltza sortu aurretik. Udalbiltzaren ezaugarria da, gainera, udalek eta udaletako hautetsiek osatutakoa dela, herriak aukeratutako pertsonek osatutakoa. Guk egin dugun lana mundu guztiaren agerian egin dugu, ezer ez dugu egin ezkutuan, dena publiko egin da, komunikabideetan eta abar, lan politikoa izan da. Beraien akusazioa da Udalbiltza ETAk aginduta zegoela; guk, ETArekin zerikusirik ez geneukan, Udalbiltza udaletatik sortu zen. Ez daukate frogarik hori esateko. Ba peritaje hori ez digute egiten utzi. Bigarren peritajearekin, berriz, Udalbiltzak mugaz gaindiko izaera zuenez, Ipar eta Hego Euskal Herriko udalak batzen zituelako, Europan zehar era horretako erakunde bat baino gehiago daudela erakutsi nahi genuen, baina hori ere ez dute onartu. Beraiek nahi dituzten gauzak bakarrik onartu dituzte, eta ez dakigu. Ez dakigu.

Pronostiko garbirik ez dagoela, alegia?

Bai, loteria bezala da, ezta? Lehen esan dudan bezala, erabakia politikoa da, deliturik ez dagoelako. Bueno, beraiek delitu bihurtu dute guk egindako lana: euskarari laguntzea, Zuberoari laguntzeko kanpaina egitea, nazioarteko konferentzia egitea herrien eskubideen alde, kirolariei laguntzea... Udalbiltzak hori egin du, laguntzak ematea, udaletatik jasotzen zuen diruarekin proiektu ezberdinak bultzatzea. Kontu guztiak garbi daude, baina...

Udalbiltzaren antzeko beste proiektu bat bultzatu beharko al litzateke berriro?

Nik dudarik ez daukat, bai ondo irteten bada eta bai gaizki irteten bada. Udalbiltza izan da lehenengo erakundea, Euskal Herri mailan, udaletatik sortua, eta udalak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak. Herri bakoitzak eskubidea dauka, eta beharra dauka, erakunde batzuk izateko. Eta Euskal Herrian zatituta gaudenez, erakunde honek lankidetza ona egiteko aukera handiak dauzka eta zituen, eta lan asko egin zen, gainera. Nik uste dut, irabazi ala galdu epaiketa, erakunde antzeko bat, izen berarekin edo beste batekin, Iparraldearekin, eta Nafarroarekin, Euskal Herriaren nazio eraikuntza lan hori egiteko, behar-beharrezkoa dela horrelako erakunde bat, eta dudarik ez daukat aurrera jarraitu behar duela.

Zu kartzela zer den probatuta zaude.

Bai, Francoren garaian egon nintzen, ia hiru urtez. Bi urte eta zortzi hilabete egin nituen.

Eta zure bizitzaren puntu honetara iritsita, burutik pasatzen al zaizu, nola izango diren gauzak, epaiketa gaizki joanez gero?

Begira, orduan ere egon ginen kartzelan herriaren alde lan egiteagatik, eta orain ere berdin. Gogoratzen naiz, orduan kartzelan geundela, Madrilen, Burgosko prozesuan epaitutako lagun batzuekin tokatu nintzela. Eta komentatu egiten genuen, Euskal Herrian egunen batean normalizazioa etorriko da, konponduko dira gauzak, baina, orain frankismoak ekarri gaitu kartzelara, baina oraindik PSOEk edo beste edozeinek ere ekar gaitzazke kartzelara. Orduan, hori komentatu izan genuen, orain dela hogeita hamar urte baino gehiago. 1972tik 1975era egon nintzen ni kartzelan.

Bai, eh?

Bai, eta orain, begira. Guk ez genuena pentsatzen zen, hainbeste urtean Euskal Herriko arazoa konpondu gabe egon behar zuenik, azkarrago espero genuen konpontzea, eta begira nola gabiltzan, ezta? Txarrerako eta onerako, badakit gutxi gorabehera kartzela zer den, esperientzia txiki bat edukita. Esperientzia edukitze horrek alde batetik lagundu egiten dizu, badakizulako zer den; eta, bestaldetik, esaten duzu, jo, ba gogorra da hori.

Aipatu duzun normalizazio bide horretan, azkenaldian badago mugimendurik eta zurrumurrurik. Bide horretan aurrerapauso berririk emango balitz, zuen epaiketan eragina izango lukeela uste al duzu?

Badabiltza, bai. Garbi ikusten da ezker abertzalea pauso handiak ematen ari dela, eta hor dago EArekin egin duten akordio estrategikoa. Hori beste pauso bat da, hemengo gatazka konpontzeko bide horretan, eta baita nazio hau askatzeko bidean ere, beste pauso handi bat da. Nik espero dut pauso gehiago egotea, eta ea hemen gatazka hau konpontzeko bidean jartzen garen; ikusten dut eta, Madrilgo Gobernuak-eta igoal gogo gehiegirik ez daukatela. Hor ikusten ditugu kontraesanak, ezta? Egiguren gauza bat esaten eta besteak kontra. Alderdi bereko pertsonak! Nik ez dut uste horiek bakoitza bere aldetik ari direnik lanean, elkarren berri jakingo dutela pentsatzen dut; orain, komeni zaie alde batetik gauza bat esatea eta bestetik bestea, PPrekin eramateko... Politikan horrelako gauzak egoten dira, ezta? Nik bai uste dudala, pausoak ematen joaten badira eta beste giro politiko bat sortzen joanez gero, lagundu dezakela. Gure epaiketa bezala, beste epaiketa batzuk ere badaude oraindik pendiente: Mahai Nazionalarena, gazte batzuena, ANVrena... bukatzen ez den ilara dago hor. Dudarik ez dut egiten lagunduko lukeela.

Epaiketa ondo bukatu eta zazpi urte hauetan gainean izan duzun ezpata kenduz gero, zer asmo bete nahiko zenuke aurrena, zer plan?

Lehenengo, dena ondo aterako balitz, ospatu, eta eskerrak emango nizkioke herri guztiari, laguntzen ibili diren guztiei. Hortik aurrera zer egingo nuken ez dut pentsatu. Bizkarretik izugarrizko pisua kentzea izango litzateke, hori bai. Espero dezagun hala izatea. Eta horrela ez bada, ba... aguantatu egin beharko dugu.

Gaineratzeko zerbait bai?

Eskerrak ematea nahi diet herritar guztiei, laguntza asko ematen ari direlako, eta orokorrean Euskal Herri osoan eta nazioartean laguntzen ari direnei ere bai. Horrelaxe jarraitzeko esango nieke, parte hartzen eta laguntzen. Egunkariarena irabazi genuen, eta hau ere irabazi egin behar dugu.