Pilotari izatea amets

Ainitze Agirrezabala

Madrilen 25 urte inguru igaro ditu erraketista profesional, puntako pilotariekin jokoan.

 
 
 

Umetatik pilotarako zuen ametsa bete izan ez balu, sekula ez zela gustura bizi izango esanez hasi da solasean. Gloria Agirre (Aizarna, 1945), pilotaren munduan Txikita de Aizarna goitizenez ezaguna, hemezortzi urte bete orduko joan zen Madrilera, frontenisean debutatzera. Espainiako kapitalera egindako saltoa, ordea, ez zitzaion gutxi kosta. Egoskorra zenari eskerrak. "Hiru urte pasa ziren etxean lata ematen hasi eta aitak baimena eman zidan arte".

Eskuetan pilota zuela munduratu zela esan daiteke. Aita pilotari afizionatu sutsua zuen, eta jaio ere Aizarnako frontoiaren ondoko etxean jaio zen, Puertekuan. "Orduan, gaur ez bezala, ez zen kiroldegirik, eta egun santu guztia frontoian pasatzen nuen. Neska koskorra nintzenetik pilotarako sekulako afizioa nuen eta auzoko neskei ez ezik, mutilei ere irabazi egiten nien nik".

'La voz de España' egunkarian Madrilgo emakume erraketistei buruzko kronikak irakurriz egiten zuen amets Agirrek. "Marisol kantaria eta garaiko hainbat artista eta toreatzaile erraketistei sariak ematen agertzen ziren argazkietan. Handi ikusten nituen neska haiek eta profesionaletara heldu eta haien bidea egitea nuen amets". Madrilerako bidaiaz amari ezer esateak beldurra ematen ziola-eta, aitari berotzen zion burua. "Haize haiek pasako zitzaizkidala-eta, ez zidan kasurik egiten ordea". Hiru urte temati pasa ostean, azkenean, Madrilgo frontoiko jabeari, Alfonso Anabitarteri, eskutitza idatzi zion: "Pilotarako nuen afizioaz idatzi nion. Ondo moldatzen nintzela eta profesional izateko doteak banituela. Madrilera joan nahi nuela, baina zaila egiten zitzaidala ere idatzi nion". Agirre ez zen atzera geratzen zen horietakoa. "Oso atsegin erantzun zidan. Beraneatzera Hondarribira etorri ohi zela eta berak hitz egingo zuela nire aitarekin". Zuzen asko bete zuen emandako hitza. "Erraztasun guztiak jarriko zizkidala esan zion aitari eta neska pilotari euskaldun batekin hartuko nuela ostatu".

Madrilera jauzia eman aurretik, ordea, Tolosan aritu zen entrenatzen. "Astean hirutan joaten nintzen, komeria ederrak ibilita. Aizarnatik Donostiara autobusez, han trena hartu eta Tolosara. Eta, berriro buelta". Gustuko lekuan, ordea, ez da aldaparik izaten. "Kontua serio hartzen nuela eta sekulako afizioa nuela jabetu ziren. Hala, balekoa eman zidaten".

Ikasteko aprobetxatu

Maletak egin eta Madrilera eramango zuen trena hartu zuen. 1964a zen. "Madrilen pilotan jokatzeaz gain, denbora behar bezala aprobetxatzeko aholkatu zidaten etxean. Batxilergoa egin eta farmazia ikasi nuen. Poz ederra hartu zuen aitak, ikasketa haien berri jakitean. Aizarnan geratu izan banintz, gaur ez nuen unibertsitateko ikasketarik izango". Hasitakoa bukatzea nahikoa kosta zitzaiola dio: "Unibertsitatera joan arte, batxilergoan, ondo moldatu nintzen. Baina, gero, pilotarekin batera ikasketetan aurrera egin behar eta... Karrera zaila aukeratu nuen nonbait". Gaur egun, Azpeitiko Eizagirre botikan egiten du lana.

Joan berritan, egunero izaten zituen partidak. "Sei partidako jaialdiak izaten ziren eta astean egun bat libratzen genuen. Gero, mailaz igo eta partida nagusiak jokatzen hastean astean hiru partida jartzeko eskatu nuen". Hainbat neska eta mutilentzat Mexikora, Miamira edo Habanara salto egiteko tranpolina izan zen Frontón Madrid. "Duda-mudan egon nintzen Mexikora joan ala ez. Kontratua egiteko aukera izan nuen, baina bizitzako gora-beherak tarteko, salto hura emateak halako zera bat ematen zidan... Ez nintzen joan".

Pilotalekuan sekulako giroa izaten zela gogoan du Agirrek. "Frontoia ez zen handia, baina dena betetzen zen: famosoak, militarrak... etortzen ziren gu ikustera. Pretendiente asko genituen. Artekariak ere baziren eta diru asko jokatzen zen". Aurrean jokatzen zuen Agirrek eta frontoian jokalari gehienak euskaldunak zirela dio: Txikita de Anoeta, Agustina, Irura, Soroa... Baita katalanak, madrildarrak, andaluzak eta valentziarrak ere.

Pilotan hilero soldata jasotzen zuten: "Hasieran, ostatua justu-justu ordaintzeko lain irabazten nuen. Gero, partida nagusiak jokatzean jornal polita nuen. Kinielak ere jokatzen genituen, eta irabaziz gero, prima jasotzen genuen. Ikasketak neronek ordaindu nituen". Pilotaren urrezko garaia bukatzear zela heldu arren Madrilera, puntako pilotariekin aritu zen jokoan. 25 bat urte egin zituen profesionaletan. Pilota gainbeheran etorri eta frontoia ixtean itzuli zen jaiotetxera .

Desafioa Zestoan

Santakutz jaietan izan zen, hamahiru urte besterik etzituela. Zestoako alkate Fidel Lizaso etxera joan omen zitzaion, partida antolatu zutela esanez. "Aizarnako Benito Mujika nuen bikote; Zestoako Jabier Lizaso eta Jose Antonio Etxaideren kontra". 12-7 galdu zuten. "Frontoia bete jende eta ni negarrez. Nire lehen erraketa orduantxe oparitu zidan Fidel Lizasok".

Errebantxa etorri zen gero, Aizarnan. "22-18 irabazi genien. Hura zen poza!".