Inurri lanaren fruituak

Uztarria

Leo Etxeberria zenari eskainitako liburuxka biografikoa uztailaren 18an aurkeztuko du Uztarriak. Saileko bigarrena da.

Kultura eta euskararen munduan lan asko egin zuen Leo Etxeberriak. Autodidakta izan zen, bere kabuz jantzitakoa, eta hizlari ona, ezagutu zutenek aitortzen dutenez. Julio Caro Barojarekin agertzen da hemen. 

Julian Bereziartuarekin abiatu zuen Uztarria Komunikazio Taldeak liburuxka biografikoen proiektua joan den martxoan. Bigarrena ere laster izango da kalean. Oraingoa, Leo Etxeberriari buruzkoa. 28 urte pasa dira dagoeneko hil zenetik, baina harekin hartu-emanen bat izan zutenek ez dute ahaztuta Leo. Izan ere, hain esker gutxikoa izaten den inurri lana egin zuen hainbat eta hainbat arlotan.

Miren Garate kazetariak idatzi du biografia, eta uztailaren 18an aurkeztuko du Uztarriak. Jarraian liburuxkan agertzen diren pasarte batzuk irakur ditzakezue.

Berrogei urte herriari

1941etik 1981era. Bizitza motza izan zuen Leo Etxeberriak, 40 urte bete zituen hilabete berean hil baitzen. Baina, iraupen labur horren berri aurrez jakin izan balu ere, nekez aprobetxatuko zuen denbora hobeto. Sindikalgintzan aritu zen aurrena; ikastoletan gero; baita euskararen alfabetatzean ere; herriko artxibo guztiak goitik behera astindu zituen; gertutik jarraitu zuen kooperatibagintza; eta Frankismo osteko lehen hauteskundeetan, Kulturako zinegotzi kargua hartu zuen. Finean, 40 urte eskaini zizkion herriari.

Testuinguruak ematen die behar adinako garrantzia hark egindakoei. Frankismoan bizitzea egokitu zitzaion. Diktaduran, eta haren ezaugarri diren debeku eta inposizioan. Ezina ekinez egin egiten da ordea. Horregatik, inguruarekin kezkatuta, gaztetatik hasi zen herriko hainbat mugimendutan. Gainera, ez zen parte hartzera soilik mugatu, arrastoa utzi zuen denetan. Eta, hil zenetik 28 urte pasatu diren arren, harekin hartu-emanen bat eduki zutenek gogoan dute oraindik. Malkoei eutsi ezinda hitz egiten dute Leori buruz.

Hamaika urterekin lanera

Oso goiz hasi zen lanean Leo, oinarrizko ikasketak amaitu aurretik. Aurrena okindegi batean, gauez, 11 urte zituela. Eta berehala, Hermanos Agirre altzari enpresara joan zen. Osaba batek egiten zuen lan han, eta hari laguntzen zion. Enpresaz aldatu zenean, gauetan joaten zen eskolara Leo, Victoriano Fernandez maisu beltza-rena. Hala ere, urte haietan ohikoa zen bezala, ez zuen ikasketekin luzaro jarraitzeko aukerarik eduki, 14 urterekin-edo utzi baitzituen, lanean segitzeko.

Gogorrak ziren orduan lan baldintzak, luzeak lanegunak. Ordu asko sartu behar izaten zituzten egunero, eta ez zegoen langileen eskubideak defendatuko zituen sindikaturik. Egon bai, ELA, adibidez, 1911n sortu zen, baina Frankismoak legez kanpo utzi zituen guztiak. Erregimenak ofizialtzat jo zuen 'Organización Sindical Española' izan zen salbuespena, ‘sindikatu bertikal’ izenez ezagutzen zena. (...).

'Acción Católica'-ren egoitzetan egiten zituzten ELAren bilerak, ezkutuan noski. Bi zeregin nagusi zituzten. Alde batetik, ohiko jarduera sindikala: “Enpresetan zer arazo zeuden eta nolako negoziazio kolektiboak zituzten aztertzen genuen, orain egiten dena, baina legalitaterik gabe eta herri mailan, enpresatik enpresara. Herrian antolatzen ziren protesta guztietan ere hartzen genuen parte”, dio Alfonso Etxeberriak.

Larunbat arratsaldetan lan egitearen aurkakoa zen horietako bat. Leo bera izan zen bere enpresako zuzendariei aldarrikapenaren berri eman zienetako bat. Asko haserretu ziren haiek, hura ez zela lan egitea, enpresa guztiak itxi beharko zirela... Leok ezetz, astean zehar beteko zituztela orduak, eta beste herrialde batzuetan ere hala egiten zela, esaterako, Erresuma Batuan, eta larunbat arratsaldeetan jai egiteagatik ez zela enpresarik itxi han.

Hainbat mobilizazio egin ziren herrian, eta azkenean lortu zuten larunbat arratsaldetan lanera joan beharrik ez edukitzea. Sekulako garaipentzat hartu zen hura (...).

Ikastolako batzordean

Euskara, kultura eta historia ziren Leoren pasio nagusiak, eta sindikatua laga ostean, bide horiei ekin zien, indar guztiz. Barruak hori eskatzen ziola esaten zuen. Ikastoletan sartu zen aurrena. Ez zuen sorrera fasean parte hartu. 1965ean jarri zen martxan Karmelo Etxegarai eta 1973 inguruan sartu zen bera batzordean. Baina urte gutxi ziren ikastola funtzionatzen hasi zenetik, eta artean arazo asko zituen, dena zegoen egiteko eta erabakitzeko.

Leo batzordean sartu berritan, esaterako, polemika handia egon zen ikastolan erabili beharreko hizkera ereduaren inguruan. Euskara batuari buruzko eztabaida pil-pilean zegoen. Azpeitiko ikastola sortu eta hiru urtera, 1968an, finkatu zuen Euskaltzaindiak euskara batzeko lehen arau-multzoa, Arantzazun egindako batzarrean. Eta han hizkuntza idatzian erabili beharreko ortografia, morfologia eta deklinabidea zehaztu zituen.

Hizketa berriak euskara galbidera eramango zuela uste zuen uste zuten ikastolako guraso batzuek, eta eskolan hura erabiltzearen aurka zeuden. Ideologia komunista bultzatzen zuela ere esaten zuten, eta ez zeudela horrekin ados (...) "Izugarria izan zen, hil edo biziko zerbait zela ematen zuen", dio Inaxita Bereziartuak. Leo euskara batuaren aldekoa zen, batere zalantzarik gabe, eta iritzi hori defendatzen ahalegindu zen. "Etxez etxe ibili ginen gurasoei boto eske" (...).

Leo batzordean egon zen bitartean hartutako erabakirik garrantzitsuenetakoa, ikastola kooperatiba bihurtzea izan zen. "Garai hartan ez zegoen elkarteak sortzeko askatasunik. Hamar lagunek asoziazio bat osatu eta irakaskuntzarako baimena lortzea ia ezinezkoa zen" azaltzen du Leandro Larreak. Legearen aurrean, Elizaren babesa zuen ikastolak, eta hala eskuratzen zituzten baimenak. Baina, tamaina handia ari ziren hartzen, eta Elizak berak ere erantzukizuna lagatzeko gogoa zuen ordurako.

Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako ikastolekin osatu zuten kooperatiba, eta Izarraizpe izena jarri zioten. Hura antolatzeko lantegitik egun erdiz liberatu zuten Leo. "Bitxia izan zen garai hartan egun erdia ikastolei dedikatzeko eskatzea, baina bazegoen kontzientzia hori, ikastolak beharrezko ikusten ziren. Herriko kooperatiba guztiek eman zuten laguntza", dio Leoren emazteak (…).

Urte eta erdian egon zen liberatuta. Azpeitiko ikastolako batzordean ez ezik, kooperatiba osatu ostean, Urola bailarako ikastolako batzordean ere egon zen. Esan daiteke ikastola berriaren sorreran oinarrizko pertsona izan zela Leo.